Pertsianak jaitsita, ateak itxita. Asteazken goiz honetakoak, urriaren 15ekoak dituzue albiste honi atxikitako irudiok. Zabalik, herritarrontzat eskuragarri egon beharko luketen lokalak, egoitzak, zerbitzuak etenda, dendak itxita aurkitu ditugu.
Izan ere, ezohiko asteazkena da gaurkoa, hilaren 15a. Palestinarren aurkako genozidioa behingoz eten, horren kontura negoziorik egin ez eta Palestinarekin bat egiteko lanuzte orokorra deitu dute sindikatuek. Deialdiarekin bat egin du Usurbilgo herriak ere. Nabaria izaten ari da azken orduotan lanuzte orokorraren eragina, bereziki herri merkataritzan edota udal zerbitzuetan.
Gogoan izan, goizaldean nahiz iluntze partean hainbat orduko lanuzteak deitu dituzte lantokietan (lanaldi osoko greba eguna hezkuntzan). Lanuzte nagusia goizeko 11:00etan hasi da. Ordu horretatik aurrera jaso ditugun irudiak dituzue honako hauek. Herri erdigunean, herri merkataritzaren eremu nagusian nabarmena izan da lanuzte orokorrak izandako babesa. Dendak itxita edota ixtear ere ikusi ditugu.
"Bizitzen alde!"
Horrekin batera, Usurbilgo udal langileen gehiengoak ere bat egin du gaurko lanuztearekin. Ondorioz, hainbat udal zerbitzuetan eragin du. Esaterako, Sutegi udal liburutegi atarian aurkitutako oharra duzue segidan.
Itxitako lokalon ate eta pertsianetan sindikatuek gaurko eginiko deialdiaren kartelak itsatsi dituzte gehienek, baina sormenerako tarterik ere izan da. Ta Puntukoen egoitzan esaterako, erakusleihoan, "bizitzen alde!" lelopean sortu duten irudia.