Palestinarekin bat egiteko eguna gaur, baita industrialdeetan ere. Sindikatuek herri horren aurkako genozidioa behingoz geldiarazi eta palestinarrei babesa adierazteko lanuzte orokorra deitu dute sindikatuek, ordu tarte ezberdinetan, goizaldean, goiz partean nahiz asteazken iluntze honetan.
Lanuzte orokorrerako deialdi nagusia goizeko 11:00etan hasi da halere. Lantokietan une horretan deituak zituzten elkarretaratzeak LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek. Osinalde nahiz Zumartegi industrialdeen sarbidean kokatua dagoen Igepak lantegiko langile talde bat enpresa atarian mobilizatu da, sindikatuen kartelak eta palestinar bandera handi bat eskuartean zutela. Modu horretan eman diote hasiera, gaurko deitutako lanuzte orokorrari.
Lantoki gehiago ere itxita aurkitu ditugu industrialde berean. Albiste honi atxikitako beste argazki batean, Michelingo langileak dituzue. Handik helarazi duten argazkia da hain zuzen. Enpresa atarian mobilizatu dira, "langileok Palestinarekin! Aski da, palestinar herriaren aurkako genozidioa!" aldarripean.
Aipatu moduan, txandaka lan egiten dutenen kasuan hiru lanuzterako deialdi egin dituzte sindikatuek; lehenengoa, goizalderako antolatua zegoen, 3:00-6:00 artean, bigarrena goiz parterako, 11:00-14:00 artean eta, azkenik, hirugarrena, iluntzerako iragarri dute 19:00-22:00 artean.