Hezkuntzan ere Palestinarekin bat egiteko sindikatuek deitutako lanuzte orokor betean dira gaurkoan; bai Aginaga zein Zubietako eskolak, Zubieta Lanbide Eskola, Atalluko Oinarrizko Lanbide Heziketa edota Udarregi ikastola.
Ikastolari dagokionean, esaterako, egun osoko lanuzte orokorrarekin bat egin dute. "Gazako genozidioa amaitzea eskatu eta kolonizazioarekin bukatuko duen “konponbide integrala” aldarrikatzeko da deialdi hau". Ikastolako langileen gehengoak lanuztearekin bat egin du. Ondorioz, gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari dira haur eskolan nahiz ikastolan. Antzeko irudien isla izaten ari dira gainerako ikastetxeak ere.
"Gure Haurrak Ere Badira"
Gaurko lanuzte orokorraz gain, ordea, azken asteotan ere Palestinaren alde mobilizatzen ari dira ikastetxeoetan. Zubieta Lanbide Eskolak zabaldutako irudia duzue albiste honetan. Iragan ostegunekoa, urriaren 9an atera zutena da. "Hezkuntza komunitatea Palestinarekin! Genozidioa stop!", aldarripean batu ziren ikasleak eta langileak. "Palestina pairatzen ari den genozidioa salatzeko kontzentrazioa egin dugu, eta guk ere gure konpromisoa adierazi nahi dugu!", berri eman dute ikastetxe horretatik.
Modu horretan, bat egin zuten palestinar herriaren alde, azkenaldian abian jarritako "Gure Haurrak Ere Badira" izeneko ekimenarekin. Hilabeteotan abiarazitakoa da ekimen hau Euskal Herri mailan nahiz nazioartean islada izaten ari dena. Ekimen horren bidez, osteguneetan ikastetxeetan mobilizatzen ari dira, gure inguruan, besteak beste, aipatu moduan, Zubieta Lanbide Eskolan edota Udarregi ikastolan bertan. Ikastolaren kasuan, ostegunero egiten ari dira 16:30etan Agerialdeko patioan. Bihar, hilaren 16an izango da hurrengoa. "Hezkuntza komunitate osoa (langileak, ikasleak eta familiak) gonbidatu nahi ditugu ostegunero, Palestina pairatzen ari den genozidioa salatzeko kontzentrazioak bultzatzera", dei egin dute Udarregi ikastolatik.
"Gure Haurrak Ere Badira" ekimenetik eginiko deialdi gehiagorekin ere bat egin du ikastolak. Izan ere, ikastetxeetan zapatak biltzen ari dira ekimen horretan erabiliko direnak. Urriaren 17ra arte egingo dute bilketa Udarregin.
20.000tik gora hildako haur, 132.000 hiltzeko arriskuan
Manifestazio nazionalerako deia egin du ekimen horrek urriaren 25ean, Bilbon. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Bizkaiko hiriburuko Bihotza Sakratutik. "Tristura, amorrua eta inpotentzia nahasten zaizkigu, baina sentipen horiek ezin dira isilarazi. Horregatik aterako gara kalera urriaren 25ean, gure oihuak haien oihuak direlako. Ez direlako urruneko haurrak: gure haurrak ere badira".
Askotariko eragileek bat egin dute mobilizazioarekin, ondoko kartelean ikus dezakezuen moduan. Mobilizazio horietan guztietan, ekimen horren kamisetarekin parte hartzeko deia egin dute. Esteka honetan eskura ditzakezue: "Gure Haurrak Ere Badira" ekimena
Hilaren 25eko manifestazio nazionalaren harira, deitzaileek nabarmendu dutenez, datu ikaragarriak gogorarazi dizkigute. "Save the Children GKEak baieztatu du 20.000tik gora direla hildakoak, 42.000 haur zauritu dituztela eta 132.000 haur txiki hiltzeko arriskuan daudela. Nahiz eta Hill eta Polya doktoreen ikerketak datu hauek txiki utzi dituzten. Horrez gain, OCHAk ohartarazi du Gazako 5 urtetik beherako haur guztiak (320.000 haur inguru) desnutrizioa pairatzeko arriskuan daudela, eta dagoeneko 367 pertsona hil direla desnutrizioarekin lotuta, horietatik 131 haur. Hezkuntzari dagokionez, 658.000 haur baino gehiago eskubide horretatik kanpo geratuko dira hirugarren ikasturte jarraian, eta ikastetxeen %76,6 zuzenean erasotuak izan dira. Gure Haurrak sufritzen ari diren zauri fisiko eta emozional hauek gainera, bizi osoan eramango dituzte, eta min hau gurea sentitzen dugu".
Testuinguru horretan, "euskal gizarteak ezin du geldirik geratu ezta konplize izan ere". Horregatik, "herri palestinarraren aldeko elkartasunerako deia luzatu nahi dugu. Euskal erakundeei genozidioa berehala amaitzeko neurriak hartzeko eskatu nahi diegu eta Israelgo Estatu sionistarekin harreman oro etetea; politiko, diplomatiko, ekonomiko, kultural…".
