"Genozidioa stop! Palestinarekin konpromisoa!" aldarripean, elkarretaratze jendetsu eta burrunbatsua egin berri dute asteazken iluntze honetan, urriaren 15ean, Mikel Laboa plazan. Palestinar banderolak eskuartean, eta soinua ateratzeko tresnen eskutik, garrasi ozena egin dute usurbildarrek, behingoz, palestinarren aurkako genozidioa eten dadila exijitzeko.
Gainerako herrietan bezalaxe, 19:30etan ekin diote ordu-laurden inguruko mobilizazio zaratatsuari. Palestinar herriak bizitzen segitzen duenarekiko haserrea, kezka, ezinegona bideratzeko, plazaratu eta partekatzeko hitzorduan bilakatu da deialdia. Usurbilgo belaunaldien arteko elkargunean bilakatu da mobilizazioa.
Palestina babesten segitzeko deia egin dute, horretarako konpromisoa hartzearen garrantzia, baita Israel isolatzen jarraitzekoa ere. "Palestinarekin beti!", bertaraturikoen mezu txalotu horrekin amaitu dute elkarretaratzea.
Usurbilen nahiz gainerako herrietan, ordu berean eginiko mobilizaziookin eman diote amaiera, sindikatuek gaurko deitutako lanuzte orokorrari.