Hurbilduz proiektua aurkeztuko dute gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 16a, 07:28

Saioa ostegun honetarako, urriaren 16rako antolatu du Usurbilgo Udalak, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.

Udaberriaz geroztik lantzen ari diren proiektuaren baitan, bi ekimen bideratu dituzte, udalerri hau herri zaintzaileagoa izateko bidean: “bakardade ez hautatuaren inguruan herritar guztiei erantzuteko aukera eman zitzaien galdetegia eta Aginagan udaz geroztik lantzen ari den auzo-zaintza proiektua. Bi-biak Zabalduz kooperatibarekin ari da lantzen udala”.

Bakardade ez hautatuaz herritarrek duten pertzepzioa jasotzeko 36 eragile elkarrizketatu eta 109 herritarren erantzunak jaso zituzten galdetegi bidez. Udaletik zehaztu dutenez, “20 urte ditu gazteenak eta 90, zaharrenak”. Hilaren 16ko aurkezpenean, “datu horiek zein galdetegi eta elkarrizketetatik ateratako ondorioak ezagutaraziko dira”.

Aginagako egitasmoa, Europako funtsekin finantzatua
Aginagako auzo-zaintza proiektuari dagokionean, bestalde, “65 urtetik gora izan eta bakardade egoera hauskorrean egon daitezkeen aginagarren zaintza hobetu eta komunitatearekin lotzea du helburu. Kasu horretan, 45 pertsona elkarrizketatu dira. Aginagako egitasmoa Transis Lab mugaz gaindiko proiektuaren barruan dago, zeina Interreg Poctefa Europako programak babestu eta Europako funtsekin finantzaturik dagoen. Sei esperientzia pilotu jarriko dira abian lurralde ezberdinetan, Pirinio Atlantiko eta Garaietan, Nafarroan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Aginagakoa Eusko Jaurlaritzak sustatu du”.