2026ko otsailaren 13 eta 14ko asteburuan ospatuko ditugu hurrengo inauteriak Usurbilen. Mozorro festa handirako prestaketa lanak ofizialki gaur abiatzekoak dira, urriaren 16an. Izan ere, Orbeldi dantza taldeak bilera deitu du arratsaldeko 18:00etan Potxoenean, herri inauteriak antolatzen hasteko. “Iaz Orbelditarrok herritarren laguntzarekin Urderen etorrerari jarraipena eman genion eta aurten ere bide berdinarekin jarraitu nahi genuke. Laguntzeko prest?”, galdetu dute. Ildo horren lanketari lotutako bilera deitu dute gaurko, hilaren 16rako.
Gogoan izan, tokiko inauterien sustatzeko apustuan sakondu du aurten herri honek. Harrera beroa egin zieten martxoaren 1ean, Orbeldi dantza taldea hainbat eragilerekin lankidetzan bultzatzen hasitako bertako mozorro festari. Andatzatik etorritako Urde, haren laguntzaile adarjotzaileak, Aranerrekako lamiak, Txokoaldetik eta Aginagatik etorritako anguleroak, herrira ordena ekartzeko ardura zuten Kalezarko harrapariak eta azkenik, zakuak, herritarrak batu zituzten estreinakoz urte hasieran ospaturiko Usurbilgo herri inauteriek. Herritar andanak bat egin zuen Orbeldik herri eragile gehiagorekin batera (Zumarte Musika Eskola, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea, Ziortza Gazte Elkartea, Txirikorda eta Belmonte Auzo Elkartea) antolaturiko herri kalejiran parte hartzeko eginiko deialdiak.
Urtemuga eta topaketa
Herriko dantzariak hizpide ditugu, hiru deialdi tarteko. Hasteko, 2026ko otsailean ospatuko ditugun herri inauteriei begira dira Orbeldikoak. Bigarrenik, hamar urte bete ditu dantza taldeak Orbeldi izena duenetik. Hamarkada hau ospatuko dute urriaren 25ean. Azkenik, Belmonte Auzo Elkartearekin eta Udalarekin Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta antolatu dute azaroaren lehenerako. Hemen dituzue deialdi horiei guztiei buruzko xehetasunak:
Orbeldiren deialdiak
Urriak 16, osteguna
18:00 2026ko herri inauteriak prestatzeko bilera Potxoenean.
Urriak 25, larunbata
12:00 Txilibita Fanfarrearekin herria alaitzen.
14:00 Bazkaria Udarregiko jangelan. Tiketak Artzabalen salgai urriaren 19ra arte.
17:30 Holako Deluxe erromeria Artzabalen.
Azaroak 1, larunbata
Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta!
10:00 Dantza taldeei harrera Potxoenean.
11:00 Argazki ofiziala eta kalejiraren hasiera udaletxetik.
12:45 Emanaldi nagusia Mikel Laboa plazan (euriarekin Agerialdeko frontoian). Parte hartzaileak: Oiartzungo Olarri, Iruña Dantza Taldea eta Orbeldi.
14:30 Bazkari herrikoia. Orbeldiko kideek eta Kalezarkoek lehentasuna izango dute.
17:30-19:30 Kalezarko plazan: Elizagoien ahizpak; Estanga anai arrebak; Eneko Dorronsoro eta Izer; Kris Solano, Irma eta Amets.
Antolatzaileak: Orbeldi dantza taldea, Belmonte Auzo Elkartea eta Usurbilgo Udala.
Antolatzailea: Orbeldi dantza taldea.