Txalaparta Festa

Txalapartari plaza eskainiko dio larunbateko Jexux Artze K.E.-ren jaialdiak

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 16a, 10:21

Plazararen erdigunera ekarri eta jendartean merezitako tokia egingo dio herri honek larunbat honetan ospatuko duen Txalaparta Festarekin. Musika instrumentu honetaz gozatzeko aukera izango da urriaren 18an, egun osoko hitzorduen bidez.

Ttakun hotsek hartuko dute herria larunbat honetarako, urriaren 18rako Jexux Artze Kultur Elkarteak antolaturiko Txalaparta Festaren eskutik. Zentzumen guztiak dantzan jarriko dituen edizioa prestatu dute aurtengoan ere, plazaren erdigunera ekarriko dute eta instrumentua ikusi, entzun edota ukitzeko aukera. Ohi bezala, aurreko urteen antzera, oraingo honetan ere "txalaparta ikusaraztea, jendeari kalean jotzeko aukera ematea, kanpoko txalapartariak ekarri eta haiek nola jotzen duten ikustea eta ezagutzea" nahi dute antolatzaileek.

Barrura begirako hitzordua ere izatea nahi du, ordea, Jexux Artze K.E.-k. "Batzeko, indarra egiteko. Azkenean, ikasle piloa gabiltza, baina bakoitza, bere saio ordura doa, ikasi beharrekoa ikasi eta gero zaila da kalean biltzea". Talde gisa indartzeko baliatu nahi dute hilaren 18ko festa. "Kalean jotzea tokatzen bazaigu, konfiantza gutxienekoa izan behar da txalapartari kidearekin. Jai giroan egiten diren halako topaketek asko laguntzen dute horretan", nabarmendu dute.

Hitzordu baten faltan
Aurtengo topaketa parte hartzailea, dinamikoa, ibiltaria izango da. Goizean, herritarren esku egongo da txalapartaz herria girotzea, Saizarko bazkarian ere horretarako aukera izango da. Arratsaldean, bisitan datozkigun taldeekin kontzertu ibiltaria izango dugu herri erdigunean barrena. Hitzordu bat bada, aurtengoan, Jexux Artze K.E.-k programatu ez duena. Duela urtebeteko edizioan, Salbatore elizako kanpandorretik ezkilak jotzeko ohitura berreskuratu zuten. Gerora, segida eman asmo zioten egun seinalauetan; urtarrilaren lehenean egin zuten moduan, herriko festen jaiegun nagusian, Santixabel Egunez, eguerdiko soka-dantza hasi aurretik.

Baina hara igotzeko eskilaren egoera tarteko, aurten ezingo da halakorik egin. "Pena itzela ematen digu ezkilak ezin jo izana. Iaz, ez ginen oso seguru zer eragin izango zuen, baina neurri batean historia egin genuela jabetu ginen", oroitarazi digute Jexux Artze K.E.-tik. Horregatik, lerroon bidez "adierazi nahiko genieke hori bideratzeko ardura izan dezaketenei herriarentzako onuragarria litzatekeela horren konponketa".

"Oso instrumentu berezia da"
Larunbateko jaialdiak topagune izaera izango du, bai txalapartaren kultura hedatzen arituko direnentzat, zaletuentzat eta musika instrumentu hau sakonago ezagutzen ari direnentzat. Izan ere, badira zenbait urte Jexux Artze K.E.

Zumarte Musika Eskolan txalapartan trebatzeko aukera eskaintzen hasi zenetik. Ordutik, hainbat ikasle hurbildu dira instrumentu honetara. Haien artean da Iosu Romero herrikidea. Bere gurasoak hasi ziren ikastaro horretan parte hartzen. Musikarako zaletasuna aspaldidanik badatorkio ere, haien bidez hasi zen trebatzen. "Perkusioa aspalditik jotzen" aritutakoa da Romero eta adierazi digunez, "beti erakarri" izan dio musika instrumentu honek. "Perkusionista gisa" hain zuzen, atentzioa deitu zieten txalaparta irakasteko saioek. "Oso instrumentu berezia da", bere esanetan.

Berezitasunen artean, binaka jotzen dela nabarmendu du eta batez ere, "perkusioen munduan ez daude instrumentu asko bere kabuz jotzen direnak", beste inolako tresnarik gabe. Ezohiko-tasun hori eta aipaturikogainerako berezitasunek "erakartzen zidaten gehienbat txalaparta jotzen hastera".

Jaialdiaren garrantzia
Lehenbizi, aitarekin batera aritu zen trebatzen eta gero lagun batekin, gustura dabil klaseetan. Musikagintzan urteetan aritu ostean, "erraztasuna ikusi dut beste perkusioetatik ekarri dudana; azkenean, ariketak oso antzekoak direla". Halere, zerbait desberdintzekotan, "teknika" aipatu du, "hori bai, oso ezberdina da".

Ikasitakoa jendartearekin partekatzeko aukera izan du, gainera, lagun baten omenaldian hain zuzen. "Une oso hunkigarria izan zen, oso polita izan zen. Ezkontza batean txalaparta jotzeko ere proposatu ziguten baina ez zen aurrera atera", oroitarazi digu. Larunbatean ospatuko den Txalaparta Festan parte hartzeko asmoa du Iosuk. Iazko edizioa gogoan hartuta, giro aparta izan zela oroitu digu.

Oso polita iruditzen zaio "txalapartari protagonismo hori ematea. Geroz eta ezagunagoa bada, halako ekimenei esker da". Garrantzitsua da bere ustez, "jendeari instrumentua ezagutaraztea, soinua bera, oso soinu desberdina da".

Txalaparta jotzeko deia
Bera ere larunbateko jaialdian parte hartzekoa da. "Ahal denean laguntzeko prest" izango dela aurreratu digu NOAUA!ri eskainitako elkarrizketa honen bidez. Elkartetik bereziki, urtean zehar antolatzen dituzten ikastaroko ikasleak parte hartzera gonbidatu nahi ditu goiz parteko "herri erromerian", baita herritarrak ere.

Libreki eta informalki txalapartaz gozatzeko aukera izango da hilaren 18an. Garrantzitsutzat jotzen dute hitzordu hau antolakuntzatik, "instrumentuari eta plazari konfiantza hartzen joateko". Izan ere, "buruan dugu Usurbilen ekitaldi piloa egiten direla. Nahi izanez gero, aukera piloa izan ditzakegu urtean zehar jotzeko. Horra iristeko, ez du zertan txalapartari bikote bakoitzak finkoa izan beharrik baina zerbait prestatzea ona da".

Txalaparta jotzerakoan inprobisatzen den arren, "inprobisatzeko prestaketa behar da, konfiantza eta prestasuna", gogorarazi dute. Horrenbestez, norabide finkoa du Jexux Artze K.E.-k. "Une horretara heltzea da helburua, txalaparta jotzera gonbidatzeko deitzen gaituztenean, gustura erantzun ahal izatea".

"Esker oneko instrumentua da"
Txalapartara hurbildu nahi duenari, hemen Iosuren gomendioa. "Dakien batengana gerturatu, oso erraza da transmisioa. Bestalde, saiatu leku bat lortzen txalaparta jotzea ahal duzuna, hori izan ohi da zailena".

Larunbateko festan egingo den moduan, urtean zehar eskaintzen dituzten ikastaroen bidez ere, txalapartaren kultura hurbiltzeko aukera eskaintzen du Jexux Artze K.E.-k.

"Esker oneko instrumentua da", nabarmendu digute. Izan ere, "ondo jotzeko urteak igaro daitezke, baina ikastaro motz batekin saiotxo bat egiteko gai gara". Iosu Romero ikasleak gaineratu duenez, beste musika instrumentu hainbatekin ez bezala, "ez da buruz ikasi behar oinarri tradizional hori jotzeko". Esker onekoa izateaz gain, musika tresna gisa duen potentzialtasuna nabarmendu dute bai "musika estilo ezberdinetarako eta gauza berriak probatzeko aukera handiko instrumentua da".

Izan ere, "bere funtzioa definitzeke dago oraindik. Sortzaile bakoitzak nahi duena egin dezake". Bestelako tresnekin alderatuta, txalaparta "garatu gabe egoteak potentzialtasun handia ematen dio. Material berriak sortu dira, konbinazioak infinitoak dira". Haietako hainbat doinu ekarriko dizkigute bertako nahiz kanpoko txalapartariek larunbaterako prestatu duten jaialdira.

Txalaparta Festa
Urriak 18, larunbata
11:45 Herri erromeria eta txorizo eta sagardo banaketa, Mikel Laboa plazan (euria bada, Askatasuna plazan): adar deia, albokariak, txalaparta irekia eta ikasleen emanaldia.
14:00 Ibilaldia albokariekin, kaxkotik Saizar sagardotegira.
14:30 Bazkaria Saizarren. Bazkaria bitartean, txalaparta irekia.
18:30 Malkoak TX eta Talka taldeen kontzertua, herrian zehar, Artzabalgo plazatik hasita.
20:00 Juan Mari Beltran laukotearen kontzertua, frontoian.

Antolatzaileak: Jexux Artze Kultur Elkartea eta 650 Usurbil Bizi.