"Ahaldatu" izena du zuen bigarren lanak. Eraldaketako gogoa, beharra... irudikatu nahi duzue?
Aldaketaren inguruko gogoeta bat da; nola aldaketak norberak bila ditzakeen, nola etortzen diren kolpetik, nola aurre egin eta horretarako dugun ahalmena. Hitz-jokoa erabiliz, aldatzeko zer ahalmen dugun, gizakion ahalmena aurrera egiteko eta aldaketetara egokitzeko, horren aldarrikapen modukoa da.
Bost urte igaro dira estreinako diskatik. Zer "ahaldatu" da ordutik?
Taldea aurretik sortu arren, pandemia hasi eta bi hilabetera atera genuen lehen diskoa. Lan asko egin eta gero hustutze sentsazio bat izan genuen, indarrik ez ezer berririk egiteko. Emandako kontzertuak ederki joan ziren. Zortea izan genuen egoera horretan ere jotzeko aukera eduki izanagatik. Egoera normaltzen joan ahala, elkartzen hasi ginen berriz eta konposaketa lanari espazioa ematen. Sortzeko denbora eta gogoa behar da, zerbait esateko beharra eta horretarako bizi, bizitze horretan ateratako arazo, esperientziak biltzeko. Konposaketa lan handiena Haraneko lokalean egiten dugu; asko jolasten, inprobisatzen eta probatzen dugu. Horrek ere diskoaren sorkuntza prozesua luzatu egiten du.
Emaitzarekin gustura zarete?
Aurreko diskoak osagai berri asko zituen; diskoa bera kontzeptuala zen, kanta guztiak elkar lotuak zeuden, instrumentu berriak ziren sintetizadoreekin. Jauzi handia izan zen guretzat. Kasu honetan ez da hainbestekoa izan, baina horrek ez du esan nahi diskoa eta kantak ez direnik ederrak. Gureak eta oso maiteak sentitzen ditugu.
Sorkuntzarako hartutako tarteak zerikusia izango zuen horretan guztian.
Bigarren diskoa izanda, ez genuen guztiz aldatu nahi, ezta gauza bera egin ere. Lagunei kantak jartzean diote, Mihise dela baina era berean, ekoizpen lan berria. Bada disko borobilago bat, Mihise izanda. Desberdina bai, baina Mihise ere bai.
"Dena eman" abestia aurrerapen kantu gisa plazaratu duzue. Zergatik abesti hori?
Oso freskoa da, zuzena. Bere letrak laburbiltzen du disko osoa.
Azal koloretsua diseinatu duzue, koloreen leherketa suma daiteke.
Aurreko lanetik ezberdintzea eskatzen zuten abestiek, baina era berean lotura izatea. Lehen diskoko eta bigarreneko azalak bata bestearen gainean jarrita, lehenengoko sustraiak irudikaturiko hiru marra beltzetatik kolore leherketa dator, abestietan islatzen dena. Azalak lotuak daude, kantuak ere bai. Aurreko diskoko azken esalditik abiatzen da disko honen lehen kanta.
Urriaren 17an aurkeztuko duzue zuen lan berria Sutegin. Zergatik hautatu duzue aurkezpenerako formatu hau?
Argi genuen Usurbilen izan behar zuela. Soinuz eta argiz lagundutako ikuskizun bat garatu nahi genuen. Horregatik aukeratu genuen Sutegi. Lagun giroan gure bost urteko ibilbidea ospatzeko ekitaldi berezia izango da. Bi urte izango dira kontzerturik ez dugula eskaini (Odolaren Mintzoaren agurreko jaialdiko emanalditxoa salbu). Itzuleraren irrika eta urduritasuna dugu.
"Ahaldatu" da beraz, Mihise urte hauetan guztietan. Gure jarduna gauza berrien probatze etengabeko bat da. Hortik aurrerako bidea planifikatua duzue?
Urriaren 25ean, laugarren Kutixik jaialdia antolatu dugu Balio Dute kolektibotik Intxaurrondon. Urriaren 31n TOC taldearekin Markinako Gaztetxean eskainiko dugu kontzertua, azaroaren 4an Gasteizko Parral tabernan. Abenduan ere Mutrikun emanaldia lotua dugu. Hasiera honetan nahi dugu mugitu eta kontzertuak eskaini. Aurrera begira, ikusiko dugu zer datorren.
Zer esan nahi diezue Sutegira joan asmo dutenei?
Aurrekoa bezala, disko kontzeptuala da. "Singelak" nagusi diren garaiotan, korrontearen kontra goazela dirudi. Rock talde bat aurkituko dute. Gerturatu! Ez dago ezagutu beharrik kantak edo taldea kontzertu batera joateko. Asko konposatzen dugu zuzenekoan pentsatzen, jendeak nola erantzungo lukeen... Mihise entzun gabe duenari, eman diezagula aukera hori emanaldian sartzekoa eta behin sartuta, hori bidaia bat da. Gozatu egingo dute seguru. Hau bada, proposamen interesgarri bat musika beste modu batean entzun eta sentitzeko.