Euskarazko literatura guztion esku jartzen diharduen Booktegi elkarteak laugarren urtez jarraian jaialdia iragarri du Usurbilen. Egitasmoak bost urte bete zituen 2022an hasi ziren antolatzen hitzordu hau. Aipatu moduan, laugarren edizioa izango da aurtengoa. Urriaren 24 eta 25erako iragarri dute, egitaraua plazaratzearekin batera. "Besteak beste, Iñigo Astiz, Irati Zubia, Miren Agur Meabe, Ane Labaka, Garazi Albizua, Itxaro Borda, Nerea Loiola, Maitane Perez, Udarregi Ikastolako ikasleak, Oihan Vega eta Ameba taldea izango ditugu gurekin", aurreratu dute antolatzaileek. Irakurleei parte hartzeko gonbita egin diete.
Ruper Ordorikaren omenez
Zikloa abiarazteko, "Rupertorioa" antolatu dute. Ruper Ordorikak idatzitako abesti bat hautatu eta nahieran Sutegiko ikus-entzuleei eskaintzeko aukera izango du herritar orok. Lehenbizi, info@booktegi.eus helbidera idatzi behar da lehenik, urriaren 17a baino lehen. Antolakuntzak abestien zerrenda eskaini eta bat hautatu beharko du parte hartzaileak. Kanta hau errezitatu, abestu musikarekin edo gabe, edota hausnarketa edota bizipen bat partekatu ahalko da kultur-etxeko auditoriora joandakoekin. "Ruperrek berak idatzitako abestien omenaldia izango da", Brantonek aurreratu duenez. Jada, gutxienez 25 lagunek bat egin dute ekimenarekin. Gehienak errezitaldiak izango dira, baina abestuko duenik ere izango da, gogoetarik eskainiko duenik ere bai.
Booktegi jaialdia
Urriak 24, ostirala
19:00 Rupertorioa: "Ruper Ordorikak berak idatzi dituen letren omenaldia: musika, errezitaldia, hausnarketak, kontakizunak...".
Urriak 25, larunbata
Zumarte Musika Eskolan:
10:00 "Elkarri Irakurriz" bi solasaldi:
-Iñigo Astiz, Irati Zubia, Miren Agur Meabe.
-Ane Labaka, Garazi Albizua, Itxaro Borda.
Sutegin:
16:00 Udarregi ikastolako Booktubers.
17:30 Oihan Vega, "Euskañolitis".
19:00 Ameba.
Informazio gehiago, booktegi.eus atarian jaso ahalko duzue.
Antolatzailea: Booktegi.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, NOAUA! K.E.