Aldatu, eraldatu eta oztopoak oztopo, ahal dela aldatu, aldatzeko gai izan gaitezkeela. Mezu musikatuok helarazi ditu bart Sutegin Mihise musika taldeak. Bere bigarren diskoa, "Ahaldatu" izenekoa aurkeztu du, goraino bete duten kultur-etxeko auditorioan.
Beñat Urteagak, Antton Aranburuk eta Mikel Olasagastik osaturiko taldea oholtza gainera itzuli da urteotan ondutako lan berriarekin eta lanketa horren osteko lehen kontzertuarekin. Lagunarte giro ederrean aurkeztu dute haien bigarren sorkuntza lana. Herriko beste hainbat musika taldeetako ordezkariak batu ditu hitzorduak, baita aipatu moduan, Mihise zaletuak edota baita taldea ezagutzera joandakoak ere.
Sutegiko estreinako emanaldiaren ondotik, urriaren 25ean, laugarren Kutixik jaialdia antolatu dute Balio Dute kolektibotik Intxaurrondon eta hantxe joko dute. Urriaren 31n TOC taldearekin Markinako Gaztetxean eskainiko dute beste kontzertua, azaroaren 4an Gasteizko Parral tabernan. Abenduan ere Mutrikun emanaldia lotua dutela berri eman digute. "Hasiera honetan nahi dugu mugitu eta kontzertuak eskaini. Aurrera begira, ikusiko dugu zer datorren", adierazi dio taldeak hedabide honi.