Txalaparta Festa

Txalaparta herri bizitzaren erdigunera itzularazi du Jexux Artze K.E.-k

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 18a, 21:09

Txalaparta Festa ederra ospatu da larunbat honetan, urriaren 18an. Hemen zenbait irudi aurrerapen gisa.

Txalaparta eta haren bueltako kulturak hartu du gaurkoan Usurbilgo herri bizitzaren erdigunea. Txalaparta Festa ederra ospatu da egun osoan zehar. Hasteko, goizean, txalaparta ukitu, probatu eta erabiltzeko aukera eskaini dute. Ikastaroen bidez trebatzen dihardutenek nahiz esperientziadunek ere saio ederrak eskaini dituzte.

Txalaparta doinuei batu zaizkie beste hainbat instrumenturenak eta haiekin Mikel Laboa plazan hasitako jai giroa Saizar sagardotegiraino lekuz aldatu dute eguerdian. Bertan bazkari girotua izan dute, Zuaznabar eta Zabalegi sendiek txalaparta joz eginiko harrerarekin.

Kontzertu ibiltarien txanda izan da arratsaldean. Artzabalgo plazan lehenik, Mikel Laboa plazan gero, Malkoak TX eta Talka taldeen emanaldiez gozatzeko aukera izan da. Jaialdia borobiltzeaz arduratu dira, azkenik, Dema plazan, Juan Mari Beltran eta bere taldeko kideak.