Zentzumen guztiak pizteko moduko hasiera izan du larunbat honetan, urriaren 18an ospaturiko Jexux Artze Kultur Elkartearen Txalaparta Festak. "Herri erromeria" izenarekin aurkezturiko eguneko lehen ekimenak Mikel Laboa plaza txalapartara hurbiltzeko eremuan bilakarazi zuen.
Izan ere, gutxitan bezala, txalapartara nahi bezainbeste gerturatzeko aukera eskaini zuten, ukitzeraino, probatzerainokoa. Musika instrumentu hau jotzeko aukera izan zuten eta horretan jardun ziren belaunaldi ezberdinetako herritarrak.
Horrez gain, dakizuenez badira zenbait urte Jexux Artze Kultur Elkartea trebakuntza ikastaroak eskaintzen hasi zenetik Zumarte Musika Eskolan. Saio horietako ikasleetako batek baino gehiagok erakustaldi bikaina eskaini zuen herri erromeria girotu honetan. Nahieran, iaiotasuna eta bat-batekotasuna uztarturiko emanaldi bikainak eskaini zituzten.
Txalaparta herri bizitzaren erdigunera ekarritako jaialdiaren baitan, musika instrumentu hau inguratu zuten bestelako instrumentu gehiagok ere. Denen doinuek bat egin zuten, nahiz, txalaparta izan protagonista nagusia.
Herri erromeriak zentzumen guztiak piztu zituela egiaztatu daiteke ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan. Antolakuntzak hamaiketako goxo askoa prestatu eta zerbitzatu zuen txalapartaz giroturiko goizean.