Hemen da, Errigoraren aurtengo bigarren eta azken kanpaina, “Agerreko uzta euskarari puzka” izenekoa. Nafarroa erdialdean nahiz hegoaldean ekoitzitako produktuez osaturiko otarrak eskatzeko garaia dugu, urriaren 23tik azaroaren 13ra.
Gogoan izan, saski bakoitzetik jasotako irabaziaren laurdena, zonaldeko euskalgintzara bideratuko dute. “Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere”. Horrez gain, eremu hartako euskararen ezagutza eta erabilera sendotzeko eta bere aldeko jarrera indartzeko baliabideak eskaintzen dituen “Agerraldia mugimenduaren iturburu eta sustengu ere bada”.
Errigoratik, Agerraldiarekin batera, AEK, Sortzen eta ikastolak ezinbestekotzat jo ditu beste behin, “euskararentzat Agerrean”. Horregatik, “Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidali diezaiogun denon artean puzka!”, egin dute gonbita.
Hiru otar aukeran
-Beltza: 60 eurotan, olioa, piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak, patxaran mantekatuak.
-Berdea (eko): 65 eurotan, piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, tomatea, teilak, txokopipitak, sagar zukua, ozpina, ardo beltza erdi-ondua.
-Gorria: 75 eurotan, ardo beltza (18 hil barrikan), ardo txuria, olioa, piperrak, zainzuriak, turroia, mantekadak, polboroiak, ardi-gazta, txokolatezko molineritoak, patxarana.
Eskaerak egiteko epealdia: urriak 23-azaroak 13.
Informazio gehiago eta eskaerak: NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan (943 360 321) edo errigora.eus atarian.
