400 liburu, 600.000 bisita, 300.000 ale baino gehiago deskargatuak... Hamarkada bateko ibilbidea osatzear den Booktegi egitasmoa nola errotzen joan den agerian uzten duten datuetako batzuk dira. Euskarazko literatura guztion esku, euskaraz eta doan jartzen duen proiektua da booktegi.eus webgunea.
Egitasmoa bera, 10. urtemuga betetzeko atarian den arren, proiektu horren bueltan osaturiko kultur elkartea 2022an sortu zuten Usurbilen eta urte hartan hasi ziren jaialdiok antolatzen udalerri honetan bertan. Ordutik, edizio "guztiak Usurbilen egin ditugu eta aurtengoa ere hala izango da. Elkarte hau usurbildarra denez, lekurik egokiena da. Gainera, espazio oso onak ditu; Zumarteko ganbara eta Sutegiko antzokia. Poz-pozik ospatzen dugu jaialdi hau Usurbilen", bere sustatzaile Aritz Brantonek nabarmendu duenez.
Eskertza jaialdia
Bultzatzaileek zer ospatua badutenez, horretara doaz urriaren 24an eta 25ean; Booktegi jaialdia antolatu dute Usurbilen laugarren urtez jarraian. "Jaialdia hori guztia ospatzeko motiboa da. Eskertzeko bai sortzaileei, baita irakurleei ere ematen diguten arnasa, bizitza", Brantonek hedabide honi adierazi dionez.
Aurtengoari dagokionean, zenbait berrikuntza dakartza Maitane Perez antzezlea anfitrioia izango duen edizioak; batetik, iraupena, bi egunekoa izango da. Zikloa abiarazteko, bestalde, "Rupertorioa" antolatu dute. Ruper Ordorikak idatzitako abesti bat hautatu eta nahieran Sutegiko ikus-entzuleei eskaintzeko aukera izango du herritar orok. "Ruperrek berak idatzitako abestien omenaldia izango da", Brantonek aurreratu duenez. Jada, gutxienez 20 lagun inguruk bat egin dute ekimenarekin. Gehienak errezitaldiak izango dira, baina abestuko duenik ere izango da, gogoetarik eskainiko duenik ere bai.
Biharamunean, egunpasa borobila prestatu dute. Hasteko, "Elkarri Irakurriz" saio bikoitza, urtero moduan bi gaien bueltan: giltzak eta katea dira aurtengorako hautaturikoak. Bertan parte hartuko duten idazleek idatzitako ipuinak aitzakia gisa hartuta, solasaldi librean ariko dira sei sortzaile Zumarteko ganbaran, goiz partean. Arratsaldean, Sutegiko auditorioan segiko du Booktegi jaialdiak, Oihan Vegaren "Euskañolitis" euskararen erabileraz hausnartuko duen bakarrizketarekin. Berarekin batera usurbildarrak partaide izango ditu ordu horietan. Hasteko, Udarregi ikastolakoak "Booktubers" saioarekin. "Ikastolak urtero gai bat ekartzen du eta hori oso pozgarria da", Brantonen esanetan. Ameba taldekoek borobilduko dute arratsaldea haien ibilbideko kanten emanaldiarekin.
Udarregiko Booktuberren liburu gustukoenak
Azken lau urteetan bezala, Udarregi ikastolako ikasleek Booktegi jardiunaldian parte-hartuko dute. Ikasleek ekintza bat prestatu dute, "Booktuberrak" deiturikoa. Aurten youtuberrek egiten dutena eta liburuak aurkezteko bidea bilatu dute Udarregiko ikasleek. Urtero bezala, jaialdian parte hartuko dute, eta ikasleek gustuko duten liburuaren bideo aurkezpena egingo dute.
Horretarako, ikasleak egoera desberdinetan jarriko dira errepikakorra izan ez dadin. "Talde batek, adibidez, detektibe lanak egingo ditu liburu bat aurkitzeko, eta aurkitzean, liburu hori zergatik aukeratu duten, zergatik gomendatzen duten irakurtzea eta zer gustatu zaien azalduko dute", Ana Sagardia Udarregi ikastolako irakasleak azaldu duenez. Liburuen aurkezpen bideoak ikasleek grabatuko dituzte, eta jaialdiko bigarren egunean bideo horiek Sutegin proiektatuko dira. Aurretik bideoetan parte hartu duten ikasleek aurkezpen txiki bat egingo dute.
Booktegi jaialdia
Urriak 24, ostirala
19:00 Rupertorioa: "Ruper Ordorikak berak idatzi dituen letren omenaldia: musika, errezitaldia, hausnarketak, kontakizunak...".
Urriak 25, larunbata
Zumarte Musika Eskolan:
10:00 "Elkarri Irakurriz" bi solasaldi:
-Iñigo Astiz, Irati Zubia, Miren Agur Meabe.
-Ane Labaka, Garazi Albizua, Itxaro Borda.
Sutegin:
16:00 Udarregi ikastolako Booktubers.
17:30 Oihan Vega, "Euskañolitis".
19:00 Ameba.
Informazio gehiago, booktegi.eus atarian jaso ahalko duzue.
Antolatzailea: Booktegi.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, NOAUA! K.E.