Ez dira bakarrak. Izan ere, eskubaloi taldeen bilgunetik gaineratu dutenez, iragan igandean, urriaren 19an, kadeteen mailako Gipuzkoako eskubaloi selekzioaren prestakuntza saioa egin zen eta bertan parte hartu zuten Usurbil Kirol Elkarteko jokalari Ainhoa Villafafilak, Araitz Mendiluzek, Lur Portularrumek eta Sara Harreguyk.
Jokalariok Usurbil K.E. bidez adierazi dutenez, "ilusio handiz hartu dugu deialdi hau. Batzuontzat lehen aldia da selekzio baterako deitzen gaituztela. Gure gaitasunak garatzen jarraitzeko aukeratzat dugu hau".
Ildo beretik mintzatu dira baita eskubaloi taldetik, Xabier Ikutza, Hamadi Dah Ould eta Julen Begiristain entrenatzaileak . "Urteetan talde osoak egindako lan onaren fruitu da oraingoan lau jokalari deitzea. Meritu handia dute 4 neskek, baina deitu ez dituzten beste neskek baita, denak talde gisa hazteak ahalbidetu baitu egoera hau. Iaz infantil mailan zeuden eta aurten kadete mailara igo da talde osoa, eta zalantza genuen nola erantzungo ote zuten, aurkari zaharragoen aurka ere joka dezaketelako, baina orain arteko neurketa guztiak irabaztea lortu dute. Eta ederki erein ondoren, uzta bikaina etorri da", Ikutzaren esanetan.
Deia egin dute baita kirol jarduera honetan parte hartze hasi nahi luketenentzat. "Ezaugarri fisiko onak bai, baina batez ere, hobetzeko grina dutela erakutsi dute, eta ez direla nagikerian erortzen azpimarratuko nuke. Hala ere, eskubaloian ibiltzeko ez duzu ezaugarri fisiko berezirik behar. Guretzat denak dira ongietorriak. Beste edozein neska-mutil hasiko balitz orain eskubaloian, bizi osasuntsurako ohitura on bat mantentzeaz gain, bere inguruan talde gogotsu batekin eskubaloian behintzat gauza oso politak lor ditzake. Autosuperazioa da hitza. Neska hauek lortu dute, talde honek lortu du, eta ziur nago ez direla bakarrak izango". Beraz, animo neskak, aurrera beti!".
Hona hemen, azkenik, asteburura begira Usurbil K.E.-tik iragarritako eskubaloi neurketak:
Eskubaloia
Oiardo kiroldegian
Urriak 25, larunbata
10:00 Kadete neskak: Bilagun Usurbil K.E.-Saieko Persianera
11:30 Kadete neskak: Cortes Usurbil K.E.-Eibar Eskubaloia
16:00 Jubenil neskak: Usurbil K.E.-Leizea Taberna OET
Kiroldegitik kanpo
Urriak 25, larunbata
16:00 Kadete mutilak: Hiruthermik Aloña Mendi K.E.-Usurbil K.E.
19:30 Senior mutilak: Amenabar Zarautz ZKE-Saizar Usurbil K.E.
Urriak 26, igandea
11:30 Senior neskak: Ordizia Biok2.com-Urbil-Usurbil K.E.
13:00 Jubenil mutilak: Autopia Talleres OET-Usurbil K.E.