Bizkarreko skate parkea berritzen hasi dira

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 22a, 09:08

Argazkia: Usurbilgo Udala.

Aste hasieran ekin diete lanotarako prestaketa lanei. Berrikuntza lanok amaitu artean, parkeak zabalik jarraituko duela ohartarazi du Usurbilgo Udalak.

Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, Bizkarreko skate parkea berritzen hasi dira. "Eraberritzeko lanak Zut Skateparks enpresari esleitu zaizkio, 135.671,15 euroan (BEZ barne)", Udaletik zehaztu dutenez.

Aste hasi honetan ekin diete eraberritzeko lanetarako prestaketei. "Eguraldiak lagunduz gero, lanak hamabi astetan gauzatzea aurreikusten da. Parkeak irekita jarraituko du lanak egin bitartean, obren eremua hesituta egongo baita", Udaletik argitu dutenez.

Eraberritze lanok Legealdiko Planean jasoak ditu udal gobernu taldeak, "kirol ekipamenduen mantentze lan prebentiboen eta inbertsioen plan bat diseinatzeko neurriaren barruan. Skate parkearen eraberritzeko proiektua, gainera, zenbait erabiltzaileren ekarpenekin osatu zuen udalak".