Haizetsu amaituko dugu asteazken hau eta modu berean esnatuko zaigu ostegun goiza ere. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian izango gara haizeguneetan gaur iluntzeko 21:00etan hasi eta ostegun eguerdiko 12:00ak arte, "Benjamin" izena jarri eta gure artera heltzear den denboraleagatik. Asteazken iluntze honetan, "hego/hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gain dezakete EAEko haizeguneetan, bereziki mendebaldeko eta hegoaldeko mendi inguruetan. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 70-80 km/h ingurukoak izan daitezke".
Goizaldean haizearen norabidea aldatu daiteke baina indarrik galdu gabe, Euskalmet-en arabera. Gauerditik goizaldeko 6:00ak arte, "haizeguneetan, haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Hego-mendebaldeko haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du goizaldearen hasieran".
Gero, goizaldeko 6:00etan hasi eta eguerdiko 12:00ak arte, "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi haizeguneetan, bereziki kostaldean eta kostaldetik gertu dauden mendietan. Haizeguneak ez diren lekuetan, kostaldetik gertu, boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke eta gainontzeko lekuetan 60-80 km/h ingurukoak".
Iragarpena
Giro horrekin, gaur, urriaren 22an Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta gauean oso hodeitsu. Noizbehinka euria egin dezake batez ere gauean. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor eta oso gogorrekin; egunaren bukaeran indartu egingo da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".
Ostegunean, hilaren 23an, "egunaren lehen zatian zerua oso hodeitsu egongo da eta euria edo zaparrada txiki-ertainak egingo ditu. Arratsaldean zerua tarteka hodeitsu egongo da eta baliteke noizean behin zaparradaren bat egitea. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin; goizaldean ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin; arratsaldean indarra galduko du. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da; minimoak egunaren amaieran neurtuko dira eta maximoak goizaldean".
Ostiralean, hilaren 24an, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, egunaren lehen zatian erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Baliteke zaparrada txikiak egitea, bereziki goizaldean eta gauean. Goizaldean haizea hego-mendebaldetik finkatuko da, ahul-bizia, bolada gogor batzuekin; arratsaldean ipar eta ipar-mendebaldera aldatu eta ahul ibiliko da, tarte biziekin. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.