Futbolak berezkoa duen lehia tarte batez bada ere alboratzeko, "arerioak" kulturak elkartzea xede du Bertsoderbia ekimenak. Gizonezkoen Realeko eta Athleticeko taldeek neurketa dutenean antolatzen dute Euskal Herrian barrena. Bi futbol taldeon arteko datorren partida azaroaren 1ean jokatuko da, arratsaldeko 18:30etan Donostiako Anoeta futbol zelaian.
Hitzordu horren harira, neurketaren aurretik, 24. ediziora heldutako Bertsoderbia ekimena antolatu dute, oraingo hau, Usurbilen, Sutegin. Azaroaren 1ean izango da, eguerdiko 12:00etan. "Helburu nagusia bi kluben artean lehiakortasun sanoa sustatzea da". Horretan jardungo dute talde bateko zein besteko zaletu gisa oholtzaratuko diren bertsolariek. Finean, bertso saio bat baita Sutegiko auditorioan ikusi eta entzun ahalko dena.
Usurbilen ospatuko da oraingo saio hau, Usurbil Futbol Taldeak 50 urte betetzear dituelako. Mende erdi horri lotutako ospakizun zikloaren abiapuntua izango da kultur-etxeko hitzordu hau.
Adi, hitzordurako sarrerak salgai dituzue jada. Bertsolarien artean, berriki, pasa den igandeko sagardoaren ibilbidean gure artean izandako Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña ariko dira Sutegin, baita ekimen haren antolatzaileetako baten, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren sustatzaile izandako Jon Maia ere. Haiekin "lehian" ariko dira, Amets Arzallus, Jone Uria eta Aitor Etxebarriazarraga.
24. Bertso Derbia
Eguna: azaroak 1, larunbata
Ordua: 12:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Parte hartuko duten bertsolariak: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Jone Uria, Aitor Etxebarriazarraga, Jon Maia.
Gai-emailea: Karlos Aizpurua.
Sarrerak: urriaren 31ko 14:00ak arte eskuragarri bertsosarrerak.eus atarian. Sarrerarik geratuko balitz, Sutegin bertan azaroaren 1ean 11:00etatik aurrera erosi ahalko dira.
Oharrak:
-Sutegiko atea 11:30etan irekiko da.
-Sarrerak ez dira zenbakituak izango.
Antolatzaileak: Athletic Club Fundazioa, Real Sociedad Fundazioa.
