Jardunaldion aurkezpenean parte hartu du elkarteko ordezkari Nere Urkiagak. Izenburuari erreparatuta, heriotzari lotutako bi hitz gakoak nabarmendu ditu. "Heriotza hitza esaten dugunean gertatzen diren kontzeptu klabeak daude, beldurra eta maitasuna, mina eta beste gauza asko. Ibilbide bat badago beldurretik maitasunera egiteko", gogorarazi du.
Ekimenean egotera deitu du. "Uste dugu egun ederra izango dela, gaia zaila izan arren. Baina batzen garenean beldurrak apurtzen dira". Gaineratu duenez, gai honetan ikasteko asko dugu eta ikasketa prozesu horrek badu abantailarik. "Hain tabu handia dugu eta hain gutxi hitz egiten dugu, hainbeste dugu ikasteko, gutxi egin arren, asko da". Horregatik, aurrerapausoak emateko deia egin du. "Egin dezagun aurrera, bizitzari buruz jardutea heriotzaz hitz egitea delako".
Jakitun dira Urkiagaren esanetan, "gaiak baduela bere pisua eta ekin behar dela tabuak apurtu arte. Badaukaguna da jardunaldi honekin aukera eder bat".
Bi mahainguru
Bitan zatituko dute saioa. Bi mahainguru osatuko dituzte. "Mahai bat izango da ikastetxeena. Badakigu ikastetxe asko hasi direla heriotzaren pedagogia txertatu nahian, gai zaila izan arren". Zenbait ikastetxeren esperientziak ekarriko dituzte Sutegira. Bide hori jorratzen hastea nolatan erabaki zuten, zer nolako prozesua ari diren garatzen, zer zailtasun dituzten, erronkak... horiek guztiak mintzagai izango dituzte.
Heriotzaren pedagogiaz aritzeko bigarren mahainguru bat egingo dute haurrekin lan egiten duten edo haurrak inguruan dituzten elkarteekin.
"Gehiago Gara"
Jardunaldi honetan mintzagai nagusi izango den heriotzaren pedagogia testuinguru zabalago baten baitan kokatu du Urkiagak, Hil Argi elkartearen "Gehiago Gara" izeneko dinamikaren baitan. Gonbita da norbanako, eragile eta erakundeentzat nork bere alorrean eragin dezan; "haurren heriotza gertatzen denean, edo heriotza tratatu behar denean haurrekin naturaltasuna eta humanitatea garatzeko, arduratik eta jakinduriatik". Laburbilduz, heriotzaren pedagogia txertatzea esparru guztietan.
Erkiagak azaldu duenez, bi alor ditu heriotzaren pedagogiak; dolua eta isiltasuna haustea. Doluaren pedagogiari dagokionez, hezkuntza komunitatean nola aurre egin kide baten heriotzaren aurrean, horretaz dihardu. Bigarrenik, "heriotzarik gertatzen ez denean, doluan ez gaudenean ahal da heriotzaz hitz egin, filosofatu. Pertsona guztiok baina haurrek eta gazteek berezko baliabideak dituzte heriotzaren aurrean kokatzeko edo bizitzan kokatzeko. Hori aktibatzen laguntzea da heriotzaren pedagogiaren bigarren lerroa".
"Tabu handi bat da"
Heriotzaren pedagogiari lotuta azaroaren 8an Sutegin egingo den jardunaldian parte hartuko dute zenbait eragileek; tartean, Usurbilen egoitza duen Iñurri elkarteak. Minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik diharduen bilgunearen sortzaile Julene Illarramendik parte hartu du ekimenaren aurkezpen ekitaldian. "Jardunaldi honetan guk ekarpena egin baino asko dugu ikasteko zuengandik. Eskertuak gaude hemen egotegatik, ikasteko oso prest", nabarmendu du Illarramendik.
20 urte zituela hil zitzaion minbiziak jota 47 urteko ama. "Egia da beti esaten digutela, minbizi prozesu batean, denbora daukazula hau dena prestatzeko, heriotzaren inguruan hitz egiteko. Baina niri ez zidan denbora eman". Horrek erruduntasun sentimendua eragin ziola gogorarazi du, ez zekiela nola kudeatu amaren heriotza. Baina denborarekin "erru hori kendu dut. Egin nuen ahal nuen bezala, ez bainuen herremintarik".
Izan ere, argi utzi duen moduan, heriotzaren gaia "tabu handi bat da. Ez digute irakatsi horren inguruan hitz egiten". Abiapuntu horrekin, min hori eraldatzeko ahaleginetik sortu zuen Iñurri elkartea, "nire ama nahi nuelako modu batera edo bestera hemen egotea eta hemen dago".
Heriotzaren gaia oso presente dute Iñurri elkartean. "Uda honetan zazpi emakume joan zaizkigu, emakume gazteak haur askorekin". Era berean, gai hau nola landu eskaera mezu bat baino gehiago ere jasotzen dituela nabarmendu du. Horregatik, garrantzitsutzat jo du jardunaldi hau.
"Heriotzaren gaia aurrera ekarri behar dugu"
Ildo beretik mintzatu da baita Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxeko ordezkari Iñaki Etxaniz ere. "Hezkuntzako eragile izanda, azkenean, gizarteko parte ere bagara gu", adierazi du.
Heriotzaren gaia oraindik tabua izanik, "zorionez ikusi da gizartean ere heriotzaren gaia naturalizatu behar dela. Bizipozak antolatuko jardunaldiak erakusten du heriotzaren gaia aurrera ekarri behar dugula".
Ikastetxeetan ere bide bat egiten ari direla azaldu du Etxanizek. "Orain arte, heriotz bat gertatzen zenean ikastetxeetan bakoitzak egiten genuen ahal genuena". Egun, adituekin landutako protokoloak landu eta martxan jartzen dabiltzala zehaztu du, hezkuntza komunitatean heriotzen bat jazotzen denean, "prozesu hori ondo egiten ari zarenaren berme bat izateko".
Horrez gain, garrantzitsutzat jotzen du baita, heriotzarik gertatu gabe ere, egunerokoan ikasgeletan heriotzaz hitz egitera, gai hau jorratzera, baliabideak lantzen joateko. Ikastetxeei jardunaldia hitza hartzeko aukeragatik eskertzeaz gain, jardunaldian izena ematera deitu du. Informazio gehiago eta izen-ematea bizipoza.eus atarian bidera dezakezue.