Aurten, Gau Beltzak beste dimentsio bat hartuko du Usurbilen. Orain arte, Gau Beltza modu isolatuan ospatzen zen. Gaztelekuan eta ikastetxeetan lantzen zen; guraso talde batek ipuin bat plazaratu eta hainbat ekitaldi egin izan ditu azkenaldian bere umeen adinekoentzat; Kalezarren ere ahaleginen bat edo beste egin izan da... 2025ean, batzuen eta besteen esperientziak jaso, indarrak batu eta Gau Beltza herrira zabaltzeko erabakia hartu da. Lehen pausoa aurten eman da, baina urtez urte ospakizun hau errotzeko borondate irmoarekin.
Adinaren arabera antolatuko dira
Esan beharrik ez da, urriaren 31n ospatzen da Arimen Gaua edo Gau Beltza. Usurbilgoa arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Ordurako, mozorrotuta egon beharko da. Abiatu, toki ezberdinetatik abiatuko da jaia; baina amaitu, Dema plazan amaituko da.
Gaztetxo bakoitza bere adinekoekin elkartuko da eta erronka bati egin beharko dio aurre. Behin erronka amaituta, kalejiran batuko dira denak Artzabalen, eta handik Dema plazarako bidea osatuko dute. Beldurrak erretzeko gunea topatuko dute bertan.
Lau talde, lau erronka
Hasteko, gaztetxo bakoitzak bere adinkideekin elkartu beharko du arratsaldeko 19:00etan. Lau toki ezberdinetan batzeko deia luzatu dute.
-HHko ikasleek Artzabalen hasiko dute erronka.
-LH1-2 mailetakoak, Udarregiko Zezen plazan elkartuko dira.
-LH3-4koak, Erreka Txikiko parkean.
-LH5-6ko gazteak, Aranerrekan.
Taldeak osatuta, erronkaren nondik norakoak azalduko zaizkie. Maila bakoitzeko arduradun bat egongo da baina gurasoen laguntza ere eskatu dute Gau Beltzako antolatzaileek. Erronkak 19:30ak aldera hasi eta 20:30ak arte luzatuko dira.
20:30ean, lau multzoetako gazteak Artzabalen batuko dira eta kalejiran joango dira Dema plazara. Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuko dute ibilaldia.
Beldurrak erretzeko gunea
Dema plazan, txorimalo bat izango dute zain. Bere ondoan, beldurrak erretzeko gunea. Gau Beltzaren aurretik, ikasleek beldurren inguruko lanketa bat egingo dute. Bakoitzak bere beldurra idatzi edo margotuko du. Beldur horiek zaku batean jasoko dira eta Gau Beltza egunean, zaku horiek Dema plazara eramango dira. Zaku barruan jasotako beldurrak erreko dira horretarako propio ipiniko den ontzi batean.
Zizka-mizkak eta gaztain erreak DBH4ko ikasleek bizkotxoak eta sandwichak salduko dituzte Dema plazan. Gaztainak erretzen dituen Usurbilgo kuadrillak ere bat egin du ospakizunarekin, eta gaztainak banatuko dituzte.
Urriak 31 ostirala, Gau Beltza: Hezur Lapur Badator!
• Ordua: 19:00.
• Non: Herrian zehar eta bukaera, Dema plazan.
• Antolatzaileak: Herriko eragile ezberdinak (Udarregi, gurasoak, NOAUA! K.E., Zirimara, Orbeldi, Gaztelekua...).
• Nori zuzendua: parte hartu nahi duen guztiei. Mozorrotuta etorri behar da.
• 19.00 Gau Beltza festaren hasiera, erronken guneetan.
• 19.30 Erronken hasiera (maila bakoitzeko gurasoen laguntza beharko da):
-HH: Artzabalen.
-LH1-2: Udarregiko Zezen plazan.
-LH3-4: Erreka Txikiko parkean.
-LH5-6: Aranerrekan.
• 20.30 Kalejira Artzabaldik Dema plazara, Ostolaza eta Larrañagarekin. Ondoren beldurrak erre eta dantza saioa.
• Sinopsia: "Hezur Lapur izaki misteriotsu bat da eta Gau Beltza hurbiltzen denean bere ezkutuko zulotik irten eta Usurbilera gerturatzen da. Itxura beldurgarria du eta inguruan ikusten duen argia zurrupatzen du. Etxebizitzetako argiak lapurtzen hasi zen. Kale eta etxeetako argiak bereganatzeaz gain, herritarren barruko argia, itxaropena, ametsak eta pozak lapurtzen saiatzen da. Baina guk, Ilargiren laguntza izango dugu eta kantu jolasean beldurrak uxatu eta argia berreskuratzen saiatuko gara. Agur Hezur Lapur! Agur Beldur!”.

