Gaurko "Rupertorioa" saioa, Booktegi jaialdiaren abiapuntu

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 24a, 09:41

Ruper Ordorikak idatzitako abestien letrak baliatuta, errezitatu, kantatu edota hausnartzeko aukera izango dute urriaren 17a baino lehen hitzordu honetan parte hartzeko izena eman zutenek. Asteburuko Booktegi jaialdiko lehen hitzordua izango da ostiral honetakoa.

Ruper Ordorikaren sorkuntza omenduko du aurtengo Booktegi jaialdiak. Bi egunetara zabaldu dute antolatzaileek euskarazko literatura guztion esku jartzen diharduen egitasmoko sustatzaileek. Lehen hitzordua, ostiral honetan bertan izango da, urriaren 24an, 19:00etan Sutegin. Aipatu moduan, "Rupertorioa" izeneko ekitaldian, hilaren 17a baino lehen izena emandakoek Ordorikak idatzitako letrak ardatz hartuta, abestu, errezitatu edota hausnartu egingo dute.

Hortik aurrera, bihar izango du segida Booktegi jaialdiak. "Besteak beste, Iñigo Astiz, Irati Zubia, Miren Agur Meabe, Ane Labaka, Garazi Albizua, Itxaro Borda, Nerea Loiola, Maitane Perez, Udarregi Ikastolako ikasleak, Oihan Vega eta Ameba taldea izango ditugu gurekin", aurreratu dute antolatzaileek. Irakurleei parte hartzeko gonbita egin diete.

Egunpasa borobila prestatu dute larunbaterako. Hasteko, "Elkarri Irakurriz" saio bikoitza, urtero moduan bi gaien bueltan: giltzak eta katea dira aurtengorako hautaturikoak. Bertan parte hartuko duten idazleek idatzitako ipuinak aitzakia gisa hartuta, solasaldi librean ariko dira sei sortzaile Zumarteko ganbaran, goiz partean. Arratsaldean, Sutegiko auditorioan segiko du Booktegi jaialdiak, Oihan Vegaren "Euskañolitis" euskararen erabileraz hausnartuko duen bakarrizketarekin. Berarekin  batera usurbildarrak partaide izango ditu ordu horietan. Hasteko, Udarregi ikastolakoak "Booktubers" saioarekin. "Ikastolak urtero gai bat ekartzen du eta hori oso pozgarria da", Brantonen esanetan. Ameba taldekoek borobilduko dute arratsaldea haien ibilbideko kanten emanaldiarekin.

Udarregiko Booktuberren liburu gustukoenak
Azken lau urteetan bezala, Udarregi ikastolako ikasleek Booktegi jardiunaldian parte-hartuko dute. Ikasleek ekintza bat prestatu dute, "Booktuberrak" deiturikoa. Aurten youtuberrek egiten dutena eta liburuak aurkezteko bidea bilatu dute Udarregiko ikasleek. Urtero bezala, jaialdian parte hartuko dute, eta ikasleek gustuko duten liburuaren bideo aurkezpena egingo dute.

Horretarako, ikasleak egoera desberdinetan jarriko dira errepikakorra izan ez dadin. "Talde batek, adibidez, detektibe lanak egingo ditu liburu bat aurkitzeko, eta aurkitzean, liburu hori zergatik aukeratu duten, zergatik gomendatzen duten irakurtzea eta zer gustatu zaien azalduko dute", Ana Sagardia Udarregi ikastolako irakasleak azaldu duenez. Liburuen aurkezpen bideoak ikasleek grabatuko dituzte, eta jaialdiko bigarren egunean bideo horiek Sutegin proiektatuko dira. Aurretik bideoetan parte hartu duten ikasleek aurkezpen txiki bat egingo dute.


Booktegi jaialdia
Urriak 24, ostirala
19:00 Rupertorioa: "Ruper Ordorikak berak idatzi dituen letren omenaldia: musika, errezitaldia, hausnarketak, kontakizunak...".

Urriak 25, larunbata
Zumarte Musika Eskolan:
10:00 "Elkarri Irakurriz" bi solasaldi:
-Iñigo Astiz, Irati Zubia, Miren Agur Meabe. Gaia: giltzak.
-Ane Labaka, Garazi Albizua, Itxaro Borda. Gaia: katea.

Sutegin:
16:00 Udarregi ikastolako Booktubers.
17:30 Oihan Vega, "Euskañolitis".
19:00 Ameba.

Informazio gehiago, booktegi.eus atarian jaso ahalko duzue.

Antolatzailea: Booktegi.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, NOAUA! K.E.