Orbeldi dantza taldeak bere hamargarren urtemuga festa ospatuko du larunbat honetan, urriaren 25ean. Izatez, bilguneak hamarkada askoz gehiagotako ibilbidea egina du herri honetan, baina 2015ean erregistratu zuten elkarte gisa Orbeldi izenarekin. Haren hamarkadari egingo diote gorazarre, urriaren 25erako, larunbaterako antolaturiko jaialdian.
Euria dago iragarria etzirako eta antolatzaileek aldaketatxo bat txertatu dute haien egitarauan, toki aldaketa bat programaturiko ekintzetako batean hain zuzen. Izan ere, kalejira antolatu dute eguerdi partean Txilibita Fanfarrearekin. Gero, Udarregi ikastolako jangelan elkartuko dira bazkaritarako. Bazkalostean, Holako Deluxe erromeria antolatua zuten Artzabalgo plazan, baina euria egin dezakeela iragarria dagoenez, Agerialdeko frontoira aldatu dute tokiz, urtemuga festa horren azken hitzordua.
Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta!
Astebete geroago, bestalde, gogoan izan, azaroaren 1ean, Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta! antolatu dute Orbeldik berak eta Belmonte Auzo Elkarteak lankidetzan. Goiz partean, dantzarien topaketa iragarri du Orbeldik. Gero, dantzariak nahiz Kalezarko auzokideak batu nahi dituen bazkaria. Eta handik, elkarrekin eta festara batu nahi duen ororekin erromeria arratsalde paregabea iragarri dute Kalezarko plazan.
Bigarren aldiz iragarri du Belmonte Auzo Elkarteak ekimen hau. Estreinako edizioa iragan maiatzaren 17an egin zuten. Orduko hura Zumarte Musika Eskolarekin antolatu zuten. Oraingo hau, aipatu moduan, Orbeldiko kideekin. Lehen edizioak harrera oso ona izan zuela ikusita, bigarrenerako gogotsu dira jada.
Hemen dituzue deialdi horiei guztiei buruzko xehetasunak:
Erromeria asteburuak
Urriak 25, larunbata
Orbeldiren 10. urtemuga festa:
12:00 Txilibita Fanfarrearekin herria alaitzen.
14:00 Bazkaria Udarregiko jangelan.
17:30 Holako Deluxe erromeria Agerialdeko frontoian.
Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.
Azaroak 1, larunbata
Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta!
10:00 Dantza taldeei harrera Potxoenean.
11:00 Argazki ofiziala eta kalejiraren hasiera udaletxetik.
12:45 Emanaldi nagusia Mikel Laboa plazan (euriarekin Agerialdeko frontoian). Parte hartzaileak: Oiartzungo Olarri, Iruña Dantza Taldea eta Orbeldi.
14:30 Bazkari herrikoia. Orbeldiko kideek eta Kalezarkoek lehentasuna izango dute. Txartelak urriaren 22an eta 24an salgai, 18:30-20:00 artean Kalezarko Pelaioenean.
17:30-19:30 Kalezarko plazan: Elizagoien ahizpak; Estanga anai arrebak; Eneko Dorronsoro eta Izer; Kris Solano, Irma eta Amets.
Antolatzaileak: Orbeldi dantza taldea, Belmonte Auzo Elkartea eta Usurbilgo Udala.