Uda osteko lehen kantu-jira larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025eko urriaren 24a

Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak antolaturiko kantu-jira izango da larunbat honetan, urriaren 25ean.

Udako etenaldi osteko lehen kantu-jira antolatu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak larunbat honetarako, urriaren 25erako. Kantu zaleen topaketa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik. Ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea. Hortik aurrera, irailaren 15ean abiarazi zuten berriz ikastaroa Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Ohi bezala, arratsaldeko 18:00etan elkartuko dira astelehenero Agerialdeko musika gelan.


Kantu bazkaria Santuenean
Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen hurrengo kantu-jira, aldaketarik ez bada, azaroko azken larunbatean izango da, hilaren 29an. Egun horretan hain zuzen, saio horren osterako kantu bazkaria antolatu du Santuenea Kultur Elkarteak Aialde-Berri sagardotegian. Hemen dituzue xehetasunak:

Azaroak 29, larunbata
14:00 Kantu bazkaria Aialde-Berri sagardotegian. Sebasek eta Kikek girotuko dute. Menua: txorizo egosia, bakailu tortila, saiheskia eta letxuga, gazta, irasagarra eta intxaurrak. Ura, sagardoa, ardo beltza, kafea. Kopa aparte. Prezioa: 33 euro.
Txartelak azaroaren 15era arte salgai, Santueneako Esnaola janari-dendan eta eta Artzabal jatetxean baita santueneake@gmail.com helbidean edo 621 095 644 telefono zenbakian. Emailez nahiz telefonoz jaso ahalko da haurren menuari buruzko xehetasun gehiagoren berri.

Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.