Ordu aldaketa igande goizaldean

Noaua Aldizkaria 2025eko urriaren 24a

"Neguko" ordutegira egokitzeko unea izango da igande goizaldekoa.

Badirudi, urte askoko eztabaiden ostean, ordua aldatzeari uztetik hurbilago egon gaitezkeela, baina ez dago gaurkoz horren bermerik. Momentuz, argi dagoena da, urtean bitan egiten den moduan, asteburu honetan izango dugula ordu aldaketa. "Negu" garaiko ordutegira egokitzeko unea izango da larunbatetik igandera gau horretan. Izan ere, igande goizaldeko, urriaren 26ko 3:00etan 2:00ak izango dira. Honenbestez, ordubete "gehiago" izango du gau horrek kaleko giroaz gozatu edota atseden hartzeko. Biharamunetik, igandetik aurrera, nabaria izango da, nola "lehenago" ilunduko duen.

Ordu aldaketa etetearen eragina aztergai Europan
Orduz aldatuko dugun azken aldia izan ote daitekeen ez dago argi, baina errealitate horretik gertuago egon gaitezke. Gogoan izan, azken urteotan, 70. hamarkadaz geroztik indarrean den ordu aldaketaren gaia hizpide izan dute Europan.

2018an ordu aldaketa bertan behera uzteko aldaketa proposatu zuen Europako Batzordeak. Europako Parlamentuak 2021. urtean ordu aldaketa bertan behera uztea adostu eta herrialde bakoitzaren esku utzi zuen udako edo neguko ordutegia mantentzeko erabakia. Neurri hau, ordea, ez da gauzatu gaur arte. Oraingoz, ez dago adostasunik gai honen bueltan. 2026ra arte gutxienez, ordua aldatzen segitzekotan geratu ziren. Hortik aurrera, zer gerta daitekeen ez dago argi. 

Azken egunotan, Europako agintariek hizpide izan dute berriz ere gai hau. Hedabideak berri ematen ari direnez, urtean bitan egiten den ordu aldaketa eteteak izango lukeen eragina aztertzen ari da Europako Batzordea.