Orbeldik 10 urte

Hamar urteotako hainbat bidelagun batu ditu Orbeldik bazkaritan

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 26a, 10:11

Eguerdiko kalejiraren ondotik, bazkaritarako eta erromerirako bildu ziren Orbeldiko kideak Agerialdeko frontoian. Iluntzera arte, festa giroan segi zuten.

Ibilbide askoz luzeagoa izan arren, Orbeldi izenarekin hamar urte bete ditu Usurbilgo dantza taldeak. Larunbat hau, urriaren 25a hautatu dute urtemuga borobil hau ospatzeko. Lehenbizi, herri erdigunera hedatu dute dantzarako giroa, kalejira bidez.

Kalejiraren helmuga, irudiotako Agerialdeko frontoia izan da. Lehenbizi, bapo egin dute bazkaritan. Gero, dantza giro bizian joan zaie arratsalde eta iluntze partea, Holako Deluxe erromeria taldeko kideen eskutik.

Belaunaldi ezberdinetako dantzarien elkargunea izan da bazkalordua, baita bazkalosteko erromeria ere. Larunbat gris eta euritsuari, dantza giro bizian aurre egin diote.