Booktegi jaialdia

Sorkuntzaren kontakizun partekatua, "Elkarri Irakurriz" ekimenaren ardatz

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 26a, 10:36

"Elkarri Irakurriz" aritu ziren larunbat goizean Zumarte Musika Eskolako ganbaran, Booktegi jaialdiaren baitan.

Kontakizunak partekatu, iruzkindu eta sormen lan prozesua jendartera ekartzeko tartea hartu zuten larunbat goizean, urriaren 25ean, Zumarte Musika Eskolako ganbaran.

Booktegi jaialdiaren baitan eginiko eguneko lehen ekitaldia izan zen "Elkarri Irakurriz" solasaldia. Solasaldi bikoitza, bi hitz gakoren bueltan; giltzak eta katea. Bi kontzeptu horiek ardatz hartuta, idatzizko lan bana sortua dute solasaldiotan parte hartutako sei lagunek.

Irudiotan duzuen lehen saioan, Iñigo Astizek, Irati Zubiak eta Miren Agur Meabek parte hartu zuten. Giltzak izan zituzten abiapuntu. Aldiz, katea izan zuten sormenerako aitzakia bigarren "Elkarri Irakurriz" solasaldian parte harturiko Ane Labakak, Garazi Albizuak eta Itxaro Bordak.

Bakoitzak sortutakoa partekatu beharrean, alboan zuten hizlariak aurkeztu eta iruzkindu zuen. Sormenaz, kontakizunen kontakizunean murgiltzeko bitartekoa izan ziren mintzagai izandako idazlanok.