Booktegi jaialdia

Amebaren ibilbideko abestiek musikatu dute jaialdi amaiera

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 26a, 10:29

Usurbilgo musika taldearen Sutegiko emanaldiak borobildu du aurtengo Booktegi jaialdia.

Usurbilgo sorkuntzarekin eman zaio amaiera aurtengo Booktegi jaialdiari. Ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, Ameba musika taldearen emanaldiak eman dio bukaera bart, Sutegiko auditorioan, letren, literaturaren, kontakizunaren jaialdiari.

Haien ibilbidean sortzen joandakoa partekatu zuten Sutegiko auditoriora joandakoekin. Bi dira hain zuzen, plazaratu dituzten diskak; "Elikatuz" izena du, 2021. urtean plazaratu zuten estreinako lanak. Bestalde, iaz, 2024. urtean kaleratu zuten bigarrena, "Amildegian" izenekoa.

Egun, bina anai-arrebek osatzen dute taldea; batetik, Malen (ahotsa) eta Jon Mikel Azpiazuk (baxua) eta, bestetik, Aitor (bateria) eta Aritz Zabaletak (gitarra). Bi disko horietako abestiak kantatu dituzte Sutegin.

Eskertza
Taldetik eskerrak helarazi nahi izan dizkiete jaialdiko antolatzaileei hitzorduan parte hartzeko gonbita eskaini izanagatik, zehazkiago Aritz Brantoni. "Guretzako plazer bat da kontakizunaren ospakizuna egitea Usurbilen, beste behin ere. Mundua hankaz gora dugun honetan, kontakizuna erdigunean jartzea, barruarekin eta elkarrekin konektatzea zer beharrezkoa dugun. Horregatik, eskerrik asko asteburu polit hau antolatzeagatik", nabarmendu dute Amebako kideek.

Sutegin haiekin lanean jardundakoak ere gogoan hartu zituzten. Eskertza helarazi zioten baita "Mattini gurekin egun osoan egon delako topera, eta nola ez, areto honetako bihotza dugun Josu handiari. A ze lanak ematen dizkiogun! Beste asteburu bat pasa du Usurbil kulturaz blaitzen", aitortu zioten.