Booktegi jaialdia

Umoretik, euskaraz hausnarrean

Noaua Aldizkaria 2025eko urriaren 26a

Euskararen erabileraz hausnartzeko tartea eskaini du aurtengo Booktegi jaialdiak, Oihan Vegaren "Euskañolitis" bakarrizketa saioarekin.

"Euskañolitisak" jota gaude. Erdararako joera aztergai duen bakarrizketa saioa eskaini du Oihan Vega irrati esatari, aurkezle eta musikariak asteburu honetako Booktegi jaialdiaren baitan. Sutegiko auditorioan eskainitako izen bereko saioak euskararen erabilera du arreta gune nagusia, erabiltzeko modua. Umoretik eta sarkasmo ukitu nabarmenetik, bizi asko ekin dio saioari Vegak Usurbilen.

Euskararen arnasgune den herri honetan eta hemendik kanpo, begirada zabaldu eta zorroztu eta euskaldunon hizkuntza ohiturei egin nahi izan die azpimarra, musika, kantua, eta zinea bidelagun duela. "Zergatik praktikatzen dugu sexua gazteleraz? Nork daki euskaraz iraintzen? Eguneroko bizitzan zergatik jotzen dugu horrenbeste erdarara?", horiei eta beste hainbat galderei buruz mintzatu da.

Barre eginarazi bai, baina hausnarketara bideratu du saioa. "Publikoari barrea eragiteaz gain, pentsarazi egiten dion bakarrizketa, film labur eta pasarte dibertigarriekin, baina galdera deseroso eta garratzekin ere, ikuskizun honen helburua euskararen erabileraren inguruko hausnarketa gordina egitea da baita".

Loramendi euskara elkartearen eta Kepa Errasti gidoilari eta aktore ezagunaren laguntza izan du Vegak saio honen sorkuntza prozesuan, "film labur ‘sketch’ umoretsu sorta bat zuzendu baitu ikuskizun honetarako".