Irati Goikoetxearen "Nor" liburuaz solasaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 27a, 07:23

'Nor' liburua testu laburrez osatutako album ilustratu bat da. Astelehen honetan, 17:30etan udal liburutegian izango dute aztergai. Saioa 11 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduta dago. Liburuaren gakoak ezagutu asmoz, idatziaren egilearengana jo dugu.

Nor liburuan, sexu identitateari heldu diozue. Tabuak diren tematikekin gertatu ohi den bezala, ikasitakoa baino, irakatsi gabekoa gailendu ohi da. Zentzu horretan, gaztetxoentzat ez ezik, helduentzat (guraso, tutore...) ere bada liburua?
Bai, erabat ados. Eta are gehiago, gaztetxo eta helduek elkarrekin irakurriz gero, gako oso esanguratsutara irits gaitezke bi norantzatan. Asko dugu elkarren ezjakintasunetatik, elkarren jakintzetatik eta elkarren esperientzietatik ikasteko. "Nor" liburuak ageriko gai oso potoloak mahaigaineratzen ditu, baina horretaz gain, bizitzaren eguneroko detaile txikiak ere biltzen ditu. Horiek bilatzeko ahaleginean ispiluaren aurrean jartzen asmatuz gero, uste dut liburuarekin oso lanketa ederra egin daitekeela. Kapitulu bakoitzari loturiko hausnarketa-galdera sortak eta liburuaren amaierako materialek lanketa hori borobiltzen lagundu dezakete.

Sutegik 11 urtetik gorako gaztetxoentzat antolatu du Nor-en inguruko irakurketa-solasaldia. Beraz, nerabezaroaren atarian dauden ikasleentzat dela esango al zenuke?
Pertsona jarri dugu erdigunean. Modu batera edo bestera irakurtzeko, liburua esku artean edonork hartu eta liburuarekin edonork goza dezake. Bakoitzak bere modura eta bere mailan. Badakit Batxilergoko ikasleek oso gustura irakurri dutela, 11 urte baino gutxiago dutenek ere bai, helduekin eta irudien euskarri zoragarria lagun hartuta. Irudiekin bakarrik oso irakurketa aberasgarria egin daiteke.

Zure liburuak eskuragarri daude Sutegin. Beraz, gehienak liburua irakurrita etorriko dira.
Hori zoragarria da. Nork bere intimitatean liburua irakurri (bakarrik edota lagunduta) eta ondoren, taldean, berdinetik berdinera, sentitutakoak eta hausnartutakoak partekatzeko aukera izatea. Amorrua, haserrea, poza, tristura... Sentitzeko liburu bat dela esango nuke, bost pertsonaiengana hurbildu, zoom egin, eta haiei begietara begiratzekoa. Istorioa irakurri ahala, haiekin hizketaldiak edukitzeko modukoa. Emozio horiek guztiak taldean, erdigunean jarrita asko ikas daiteke. Esango nuke opari bat dela horretarako aukera izatea. Bejondeiola Sutegiri proposamenarengatik. Behin saioa bukatuta, gustura jasoko dut bertan bizitakoaren berri Yolanda Arrieta dinamizatzailearen bidez.

Nor liburuko narrazioa zurea da. Ilustrazioak, Karmele Gorroñorenak. Zein neurritan baldintzatu/osatu/aberastu du irudiak idatzia?
Behin istorioa idazten bukatu nuenean hasi zen Karmele irudiak trazatzen. Baina istorioa idazten hasi aurretik dagoeneko liburuaren inguruko egituraz solasean hasiak ginen Karmele eta biok Xabi Salaberria editorearekin. Garrantzia handia eman diogu osotasunari eta hala ere uste dut hitzak bere horretan eta irudiak bere horretan protagonismo handia dutela. Hitzetan detaile txiki asko dago eta irudietan detaile txiki asko dago. Hitzak kontatzen duenaz haragoko kontaketa bat dago, gainera, irudietan. Hori zen asmoa eta Karmelek sekulako lana egin du, zoragarria.

Liburua duela bi urte plazaratu zenuen eta 'bizirik' segitzen du. Nor liburuaren ibilbidea luzea izan den seinale, ezta?
Bi urteren ondoren liburuaren lanketa Usurbila iritsi da eta hori albiste bikaina da. Ez dakit, ordea, modu honetako beste dinamikarik egin ote den. Nik zinez sinesten dut horrelako ekimenetan, beraz, beste liburutegi edo ikastetxeentzat erreferente edo eredu izan badaiteke, zoragarri! Bistan da, egunerokoak erakusten digu, sekulako beharra dagoela halako lanketei denbora eta espazioa eskaintzeko. Lan-tresnak badaude, "Nor" kasu, eta erdigunean jarri behar ditugula esango nuke. Pertsona are ederragoak hezteko liburu oso aproposa da "Nor".