Lekua hartzeko aukerak agortzen doaz Gure Zirkuak Urbil merkatalguneko aparkalekuan eskainiko dituen saioetarako. Azaroaren 14tik 29ra hamar ikuskizun programatu dituzte eta haietatik zazpi emanaldietarako sarrerak agortu dira jada. Soilik azaroaren 14an, 21ean eta 28an, hilabete horretako hiru ostiral horietarako eskura daitezke sarrerak.
Urriaren 8an jarri zituzten salgai emanaldiotarako sarrerak 15 eurotan gurezirkua.eus atarian. Antolatzaileek zehaztu dutenez, "24 hilabete baino gutxiagoko haurrek ez dute sarrerarik behar". Ohar gehiago ere plazaratu dituzte, sarrerei dagokienean. "Ez da sarrera aldaketarik egiten. Ezeztatze asegurua kontratatuz gero sarreraren itzulketa eskatu dezakezu". Horrez gain, jakinarazi dutenez, "irisgarritasuna kontutan hartzen dugu. Zuetako norbaitek mugikortasuna murriztua badu, jarri gurekin harremanetan", galdegin dute.
Asteotan berri eman bezalaxe, bueltan dator Gure Zirkua Usurbilera. Duela bi urte garai honetan egin bezalaxe eta saio haietan izandako arrastaren ondotik, 2025. urteko azaroaren 14tik 29ra zortzigarren bira amaierako hamar saio eskainiko dituzte Urbil merkatalguneko aparkalekuan. "Duela bi urteko leku berean, baina beste ikuskizun batekin!", argitu dute.
Hemen duzue, Gure Zirkuko emanaldien hitzorduen berri:
Gure Zirkua Usurbilen
Non: Urbil merkatalguneko aparkalekuan.
Emanaldiak:
-Azaroak 14, ostirala: 19:00.
-Azaroak 15, larunbata: 18:00. Sarrerak agortuak.
-Azaroak 16, igandea: 12:00/17:00. Bi saioetarako sarrerak agortuak.
-Azaroak 21, ostirala: 19:00.
-Azaroak 22, larunbata: 18:00. Sarrerak agortuak.
-Azaroak 23, igandea: 12:00/17:00. Bi saioetarako sarrerak agortuak.
-Azaroak 28, ostirala: 19:00.
-Azaroak 29, larunbata: 18:00. Sarrerak agortuak.
Sarrerak eta informazio gehiago, gurezirkua.eus atarian eskuragarri.
