Urriaren 30ean

Denetariko gaiak hizpide, urriko bigarren osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 27a, 12:50

Ohi bezala, hilabeteko azken ostegunerako deitu dute udalbatzaren osoko ohiko bilkura.

Urriko azken ostegunarekin batera, hileroko ohiko osoko bilkura egingo du udalbatzak, urriaren 30ean arratsaldeko 18:00etan udaletxeko aretoan. Hitzordu horri begirako gai-zerrenda helarazi du Udalak. Nagusiki diru kontuak izango dituzte hizpide baina baita bestelakoak ere. Hala nola, 2026ko auto-taxi tarifak edota Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunari lotutako adierazpena ere ahotan hartuko dute.

Hilabete honi dagokion bigarren saioa da honakoa udalbatzarentzat. Izan ere, hilaren 8an ezohiko osoko bilkura egin zuten. Orohar (salbuespenekin) KPIaren %3ko igoera aplikatzea onartu zuten. Orduko hartan,  2026ko ordenantza fiskalak, alegia, urte berrirako zerga, tasa eta prezio publikoak onartu zituzten hasieraz. Gerora, urriaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten Udalak hartutako erabakia. Biharamunetik zenbatzen hasita, 30 lanegunez jendaurrean da erabakia alegazioetarako.

Urriaren 8ko saioa osorik zuzenean eskaini zuen Usurbilgo Udalak Youtubeko @usurbiludala4589 kanalean. Aurrerantzean egingo direnak ere kanal berean zuzenean ikusgai izango dituzue.

Udalbatzaren osoko ohiko bilkura
Eguna: urriak 30, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- Aurreko bilkuretako aktak onartzea:
1.1.- 2025eko irailaren 25eko bilkura.
1.2.- 2025eko urriaren 8ko bilkura.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2025eko irailaren 22tik urriaren 24ra (2025/1214-2025/1352).
3.- Kontu ematea: 3. Hiruhileko Ordainketen Batezbesteko Epea (OBBE).
4.- Kontu ematea: 3. Hiruhileko Aurrekontuaren exekuzioa.
5.- Kontu ematea: KALD005 kreditu aldaketa.
6.- KALD006 kreditu gehigarria onartzea (2025EKKA0006).
7.- Usurbilgo herri barruko edo herriarteko garraiorako 2026 urterako proposatzen diren auto-taxi tarifak onartzea (2025ZTAX0002).
8.- Etxeko Laguntza Zerbitzua finantzatzeko Usurbilgo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena luzatzea (2023HITZ0009).
9.- Azaroak 25eko adierazpena, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna (2025IMOZ0009).
10.- Galdera eta eskaerak.