Larunbateko Bertsoderbirako sarrerak agortuak

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 28a, 10:52

Realaren eta Athletic futbol taldeen arteko derbiaren harira antolatu ohi den bertso saioaren 24. edizioa Sutegin egingo da, azaroaren lehenean, Usurbil F.T.-k betetzear dituen 50 urteen harira. Txartelak agortu dira jada.

Futbolak berezkoa duen lehia tarte batez bada ere alboratzeko, "arerioak" kulturak elkartzea xede du Bertsoderbia ekimenak. Gizonezkoen Realeko eta Athleticeko taldeek neurketa dutenean antolatzen dute Euskal Herrian barrena. Bi futbol taldeon arteko datorren partida larunbatean, azaroaren 1ean jokatuko da, arratsaldeko 18:30etan Donostiako Anoeta futbol zelaian.

Hitzordu horren harira, neurketaren aurretik, 24. ediziora heldutako Bertsoderbia ekimena antolatu dute, oraingo hau, Usurbilen, Sutegin. Azaroaren 1ean izango da, eguerdiko 12:00etan. "Helburu nagusia bi kluben artean lehiakortasun sanoa sustatzea da". Horretan jardungo dute talde bateko zein besteko zaletu gisa oholtzaratuko diren bertsolariek. Finean, bertso saio bat baita Sutegiko auditorioan ikusi eta entzun ahalko dena.

Adi, hitzordurako sarrerak agortu direla jakinarazi dute antolatzaileek. Bertsolarien artean, berriki, urriaren 19ko sagardoaren ibilbidean gure artean izandako Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña ariko dira Sutegin, baita ekimen haren antolatzaileetako baten, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren sustatzaile izandako Jon Maia ere. Haiekin "lehian" ariko dira, Amets Arzallus, Jone Uria eta Aitor Etxebarriazarraga.

Usurbilen ospatuko da oraingo saio hau, Usurbil Futbol Taldeak 50 urte betetzear dituelako. Mende erdi horri lotutako ospakizun zikloaren abiapuntua izango da kultur-etxeko hitzordu hau.


24. Bertso Derbia
Eguna: azaroak 1, larunbata
Ordua: 12:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Parte hartuko duten bertsolariak: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Jone Uria, Aitor Etxebarriazarraga, Jon Maia.
Gai-emailea: Karlos Aizpurua.
Sarrerak: agortuak.
Oharrak:
-Sutegiko atea 11:30etan irekiko da.
-Sarrerak ez dira zenbakituak izango.
Antolatzaileak: Athletic Club Fundazioa, Real Sociedad Fundazioa.