Giroa hozten eta negua hurbiltzen doan garai honetarako plan ezin aproposagoa. Sutegiko auditorioko butaka erosoetan eseri eta euskarazko zineaz gozatzeko aukera aparta eskainiko du hurrengo hilabeteotan Usurbilgo Udalak. Izan ere, aurreko urteen antzera, gaztetxoenentzako zine zikloa antolatu du.
Hileroko hitzordu sorta honetan lehenengoa, 2025-26 denboraldiko estreinaldia azaroaren 2an izango da, igande honetan bertan, beraz. “Klara eta hazi magikoen misterioa” izeneko filma proiektatuko dute kultur-etxeko auditorioan, arratsaldeko 17:00etan hasita. Sarrerak 3,50 eurotan eskuratu ahalko dira aurrez, usurbilkultura.eus plataforman.
Hemen, filmaren hariaren berri: “Eta euririk, eguzkirik edo lurrik gabe ere loratu litekeen hazirik balego? Eta norbaitek lapurtu badu? Klara behi nerabe ausartak misterio bat argitu beharko du Agatha Christensen untxi detektibearekin: hazi miraritsuaren desagerpena ganadua daraman trenaren barruan”.
Ikus-entzunezkoaren aurrerapena, albiste honi atxikitako bideoan duzue.