Artisauen bilgune Usurbil larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 28a, 12:11

Aitzaga Kultur Elkarteak antolaturiko azoka azaroaren 1ean egingo da frontoian eta Askatasuna plazan. Ez da herri ordezkaritzarik faltako hitzordu horretan.

Urte amaierara gerturatzen ari garen honetan, azoken garaian barneratzera goaz. Horietan lehenengoa, larunbat honetakoa, azaroaren 1ekoa izango da, ohi bezala, Aitzaga Kultur Elkarteak antolatuko duena. Artisau Azokari buruz ari gara. 29. ediziora heldutako ekimenari lekua egingo dio herri honek bi eremuetan. Izan ere, postuak frontoian nahiz Askatasuna plazan kokatuko ditu Aitzaga Kultur Elkarteak goiz eta eguerdi partean.

Hamarnaka postu horietan barrena osteratxoa egin, artisau bakoitzaren jarduera ezagutu, ofizio hauetan dihardutenekin harremandu nahiz erosketak egiteko aukera izango duzue. Ibilbide horretan, zehar, gainera, aurpegi ezagunekin egingo duzue topo. Herrikide batek baino gehiagok eskuz landutakoa ezagutaraziko du azaroaren lehen egun horretako hitzorduan.

Postutik posturako bidaia horretan zehar, geldialditxoa egin ahalko duzue baita, hamaiketako legea egiteko. Usurbilgo talogileak bueltan izango ditugu.