Egutegi fiskala

2025eko ordenantza fiskalei lotutako azken ordainketen garaia

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 28a, 09:07

2025eko azkeneko hiru tasak ordaintzeko borondatezko epealdia finkatu du Usurbilgo Udalak azarorako.

Usurbilgo Udalak aurtengorako onarturiko zerga, tasa eta prezio publikoei lotutako azken ordainketak egiteko garaia heldu da. Udalak berak astearte honetako, urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez, 2025eko ordenantza fiskalei lotuta azkeneko hiru tasen ordainketak bideratzeko unea da: bide publikoa okupatzeagatiko tasaren, emakida administratiboaren tasaren eta hirugarren hiruhilekoko ur-hornidura, zabor-bilketa eta estolderia tasak ordaintzekoa.

Hiru tasa horien erroldak jendaurrean jarri ditu Udalak eta borondatez ordaintzeko epealdia ere finkatua du, albiste honetan beherago duzuen taulan zehaztu moduan. Tasa horiek guztiak aztertzeko hilabeteko epealdia izango da. Borondatez ordaintzeko tartea ere hilabetekoa izango da, azaroa osoa izango duzue horretarako hain zuzen.


Egutegia
Gogoan izan, iazko urriaren 10ean hasieraz onartu eta urte amaierarako behin betiko onartu zituen Usurbilgo Udalak, urte hasiera honetatik, indarrean diren 2025eko ordenantza fiskalak. Hala jakinarazi zuen Udalak abenduaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Bertan, besteak beste, urte honetarako tasa, zerga eta prezio publikoen xehetasunak definituak ditu Udalak baita noiz zer ordaindu beharko den ere; hau da, 2025eko egutegi fiskala, segidan duzuena.

Urtarrilean hasi eta abendura arte hilabetez hilabete ordaindu beharreko zerga eta tasen zerrenda biltzen du egutegi horrek eta haren ondoan, horiek ordaintzeko Udalak finkatua duen epealdia. Haietako hainbat hiru hilean behin ordaindu beharrekoak izango dira; asteroko merkatuaren erabilpen edota ura, estolderia eta hondakinei lotutako tasen kasuan. Hilero ordaindu beharrekorik ere izango da; Haur Eskolaren kuotaren kasuan. Gainerakoak, urtean behin ordaindu beharrekoak izango dira. Segidan duzue 2025eko egutegi fiskala osorik.

Kontuan izan, bestalde, 2026ko ordenantza fiskalak hasieraz eta gehiengo osoz onartu zituela udalbatzak urriaren 8ko ezohiko osoko bilkuran. Datorren urtean, "zerga, tasa eta prezio publikoak KPIaren arabera igotzea, hau da %3 igotzea" onartu zuten. Erabaki hori urriaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Udalak. Argitalpen horren arabera, biharamunetik, 30 lanegunez jendaurrean jarriko da erabakia alegazioetarako.

2025eko egutegi fiskala

Zerga / Tasa

Ordain epea

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - aurreko urteko 4. hiruhilekoa

Urtarrilaren 2tik 31ra

Ura, estolderia eta hondakinak - aurreko urteko 4. hiruhilekoa

Otsailak 1etik martxoak 1era

Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga

Martxoak 1etik apirilak 15era

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 1. hiruhilekoa

Apirilak 1etik maiatzak 2ra

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 1. hiruhilekoa

Maiatzak 2tik ekainak 3ra

Ondasun higiezinen gaineko zerga

Maiatzak 15etik uztailak 1era

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 2. hiruhilekoa

Uztailak 1etik abuztuak 1era

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 2. hiruhilekoa

Abuztuak 1etik irailak 2ra

Espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa)

Irailak 2tik urriak 1era

Ekonomi jarduera gaineko zerga

Urriak 1etik azaroak 1era

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 3. hiruhilekoa

Urriak 1etik 31ra

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 3. hiruhilekoa

Azaroak 1etik abenduak 2ra

Bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...)

Azaroaren 1etik 29ra

Emakida administratiboak (Atxega jauregia, udal baratzak...)

Azaroaren 1etik 29ra

Haur Eskolaren hezkuntza zerbitzua

Hilaren 5ean (hilero)