Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak sustatu eta kudeatzen duen proiektua da Korukiri. Helburu nagusia, Euskal Herriko haur abesbatza federatuak dinamizatzea. Nola? Proposamen erakargarriak eskainiz. Bide batez, abesbatzen lana ikusarazi nahi da.
50 milioi segundo kantata musikala Katalunian egokitutako bertsioan oinarritzen da. “Kantata dibertigarria da, eta ikastetxean igarotzen dugun denboraz eta urte horietan guztietan bizi izan ditugun bizipen eta pasadizoez hitz egiten digu”, ekimen honen sustatzaileek aditzera eman dutenez.
Zazpi abesbatza, elkarrekin kantari
Zazpi abesbatza aritu ziren Leidorreko oholtza gainean: Azpeitiko Antxieta Abesbatza, Arrasateko Goikobalu Txiki Abesbatza, Donostiako Easo Eskolania, Legazpiko Doinua Musika Eskolako Haur Abesbatza, Ordiziako Oroith Txiki Abesbatza, Zegamako Orkatz Txiki Abesbatza eta Usurbilgo Zumarte Txiki Abesbatza (Jon Imanol Etxaberen zuzendaritzapean).