2026ko ordenantza fiskalak hasieraz onartu ostean, ohi bezala, hurrengo urteko udal aurrekontuen txanda dator orain. Usurbilgo EHBilduren udal gobernu taldetik jakinarazi dutenez, urte berriko egitasmoak bideratzea ahalbideratuko duten aurrekontuen egitasmoa, hilabete barru, azaroko azken ostegunean, hilaren 27an egingo den udalbatzaren osoko bilkuran hasieraz onartu asmo dute, "hala, abenduan jendaurrean jarri, eta 2026 hasieran martxan egoteko moduan egon daitezen".
Horren aurretik, ohi bezala, udal gobernu taldeak landutako aurrekontu proposamena aurkeztuko du Usurbilgo auzo eta herrietan barrena. Horretarako, zortzi bilera deitu dituzte azaroaren 5etik 12ra. Hitzordu horietan aipatu aurrekontuon berri emateaz gain, "tokian tokiko gaiez hitz egiteko ere baliatuko dira", aurreratu dutenez. Saio horiekin batera, "oposizioko alderdiek ere tartea izango dute proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko".
2026ko udal aurrekontuei lotutako bilera sorta
Azaroak 5, asteazkena
18:00 Kalezar (Pelaioenean), Aginaga (Eliza Zaharrean) eta Santuenea (frontoi ondoko lokalean).
Azaroak 6, osteguna
18:00 Txokoalde (Txokoargin) eta Atxegalde (Bustinzulon).
Azaroak 11, asteartea
18:00 Zubieta (Kaxkapen) eta Etxealdia (Potxoenean).
Azaroak 12, asteazkena
18:00 Kaxkoa (Potxoenean).
Deitzailea: udal gobernu taldea.