Udalerri hau zeharkatzen dute tren eta autobus zerbitzuen ordutegia banatu genuen duela astebeteko NOAUA! astekariarekin batera. Eskuratu ez bazenuen edota ordutegi gehiago behar badituzue, lortzeko moduan zarete oraindik.
Batetik, paperean, NOAUA! Kultur Elkartearen Bordaberri 3ko egoitzan nahiz udaletxean jaso ahalko dituzue. Bestela, web orrialde honetako "tren-bus ordutegia" atalean klikatuta ere lortu ahalko duzue, baita mugikorrarekin ondoko irudiko QR kodearen bidez ere.
Euskotrenek astelehenetik igandera Usurbildik Donostiarantz nahiz Urola Kostarantz eskaintzen dituen zerbitzuen ordutegiak dituzue zehaztuak bertan. Lurraldebusen bidez, herri honek inguruko udalerriekin dituen loturen maiztasunen berri ere jaso dezakezue bertan. Batetik, Usurbildik Donostiarantz nahiz Urola Kostarantz joateko eskura duzuen UK09 zerbitzuaren ordutegiak biltzen ditu NOAUA! K.E.-ren argitalpenak, Usurbil eta Hernani arteko BU10 zerbitzuaren ordutegia, Usurbil ospitaleekin lotzen duen BU02 zerbitzuaren ordutegiak, baita Usurbilgo herri eta auzoak lotzen dituen Bidez Bide zerbitzuarenak ere.
Bazkideen txokoa
NOAUA! K.E.-ren berri emateko albiste honetan, bide batez, kultur elkarte honen bazkideak ezin aipatu gabe utzi. Izan ere, NOAUA! kide izateak hainbat abantaila ditu. Onura horien bi adibide dituzue segidan.
Batetik, kultur elkarte honek antolaturiko ekitaldietarako sarreretan beherapenak aplikatuko zaizkizue. Dakizuenez, kultur elkarte honek udazken honetan euskarazko film berrienen zikloa eskainiko du. Urriaren 12an, "Jone, batzuetan" ikus-entzunezkoa proiektatu genuen Sutegin. Azaroan beste bi film estreinatuko ditugu areto berean; batetik, hilaren 9an "Karmele" eta azaroaren 30ean "Gaua". Proiekzio horietarako guztietarako sarrerak eskuragarri dituzue usurbilkultura.eus plataforman 6 euroren truke. Baina NOAUA! K.E.-ko bazkideok 4 eurotan erosi ahalko dituzue kultur elkartearen egoitzan.
Bestalde, azaroaren 13ra arte Errigoraren "ezinbestekoak, euskararentzat Agerrean" udazkeneko kanpainako hiru otarrak eska ditzakezue errigora.eus bidez nahiz NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan. Haietako bi, otar gorri eta berde bat eskuratuko ditu kultur elkarte honek zuentzat, bazkideontzat. Bazkideon artean zozketatuko ditugu, datorren azaroaren 17an.
Honenbestez, NOAUA! K.E.-ko kide ez bazara, orain duzue bazkidetza tramitatzeko unea. Web orrialde honetan bertan tramitatu dezakezue, https://noaua.eus/egin-kide/ helbidean edota kultur elkartearen egoitzan bertan.
