Nola hasi zinen tailerrarekin?
Ni hamar urtetatik perkusio ikaslea izan naiz, eta perkusio musika tresna tradizionalak jo izan ditut. 2021ean, pandemian, kanpoan ezin genituen emanaldiak eman, eta pentsatu genuen kanpoan egin ezin genuen hori etxe barruan egitea. Horretarako, guk erabiltzen genituen musika tresnak etxean egitea irtenbide bat izan zen.
Guk esaten duzunean, nortzuei buruz ari zara?
Ni eta beste bi pertsonez ari naiz. Hasieran, bi lagun musikari izan nituen ondoan, Janitz Enparantza antiguotarra (Donostia) eta Manez Zabaleta hernaniarra. Hiruen artean hasi genuen proiektua, baina gaur egun nik bakarrik jarraitzen dut.
Zer tresna egiten dituzu?
Egiten ditudan musika tresnak euskal musika tresna tradizionalak dira, haize egurretan oinarrituta. Xirolarrua, txirula, gaita nafarra edo dultzaina deitzen zaiona, eta gero perkusioa ere jotzen dudanez, makil desberdinak egiten ditut bai danborrarentzat bai atabalarentzat baita danbolinarentzat ere.
Noizean behin ere danborren bat muntatu izan dut. Tresna horiek guztiak azokan egongo dira salgai?
Nire asmoa musika tresna batzuk jartzea da, eta herritarrak eta herritarrak ez direnak tailer honetan zer egiten den ikustea da, eta pixka bat lan hori erakustea.
Egiten dituzun musika tresnekin zer egiten dugu?
Baten bat eskatzen didatenean saldu egiten dut. Egia da prototipoak eta doikuntzak egiten ditudanean lagunei ematen dizkiet probatzeko. Beti ere interesgarria da musika tresna horiek ezagutzen dituzten musikariez inguratzea eta probatzeko ematea, akats txikiren bat baldin badago askoz hobeto, jakingo dutelako non dagoen akats hori eta gero akats horiek konpontzeko.
Gaur egun musika tresnak egitetik bizi zara?
Ofizio bilakatzeko bidean dago. Duela urtebete ikusi nuenean honetara profesionalki jardun nahi nuela, Vigoko (Galizia) Arte eta Ofizio eskolara joan nintzen gaitak eta hango musika tresna tradizionalak egiten ikastera, hemen horrelakorik ez dagoelako. Honetan profesionalki ibiltzeko helburuarekin joan nintzen, eta gaur egun bide horretan nago.
Zein da egiteko gehien gustatzen zaizun musika tresna?
Txirula edo edozein alakadun flauta. Sortzen zoazen heinean, soinua ere pixkanaka-pixkanaka sortzen doa eta horrek ilusio berezia egiten du, eta pizgarria da.
Eta gutxien?
Ez dut esango ez dagoela musika tresnarik egitea gustatzen ez zaidanik. Egia da musika tresna batzuk beste batzuk baino lan gehiago eskatzen dutela. Oraingoz ez dut egin, baina egiten ari naiz eta horiek albokak dira. Adar naturalez eginda daudenez, adar hori guztia higatu egin behar da, uztarria eskuz egin behar da... Ez da ez zaidala gustatzen, baina prozesu oso luzeak dira eta pazientziaz hartu behar dira.