Azaroarekin batera, Usurbilen errotu den hitzordu bat bueltan datorkigu laster. Izan ere, azaroaren 8an, 9. Bizipoza jardunaldia antolatu du Sutegin izen bereko elkarteak. Bizipozak izaera bereziko gaiak azalaraztea du erronken artean, "ume zein heldu euskararen bidez sentsibilizatuz". Horrekin batera, "errealitate horiek lantzen dituzten elkarteei laguntza afektiboa ez ezik, eguneroko lanerako dituzten premiei erantzuteko baliabide funtzionalak lortzeko laguntza" eskaintzen dihardute. Azkenik, "gizartegintzan euskaraz eta bizipozez jardun nahi duten herritarrei auzolan egitasmo eraginkorra" eskaintzen die, "boluntario sare bat osatuaz".
Helburuok bideratzeko, beste hainbat ekintzen artean, lerrootan mintzagai ditugun jardunaldiok antolatzen ditu, azken urteotan azaroan Sutegin. Aurtengoa, "heriotzaren pedagogia: begirada berri bat beldurretik maitasunera" izenburupean egingo da. "Gure asmoa da beste leku batetik begiratzeko aukera eskaintzea heriotzari, askotan tabua den gai honi. Ea maitasunetik heltzeko aukera edo hausnarketa egiten dugun, giro goxo eta lasaian", egin zuen gonbita Bizipoza elkarteko ordezkari eta herrikide Eli Olaizola Aizpuruak, ekimena aurkezteko duela astebete eginiko ekitaldian. Izan ere, gogora ekarri zuenez, "heriotza guztion bizitzaren parte da. Sarritan isilpean, beldurrez bizitzen dugu".
Guztioi eragiten digun gai unibertsal hau ekarriko dute hilaren 8an Sutegiko auditoriora. "Bizipozatik argi daukagu bertako elkarteek lantzen dituzten gaiak ez direla barne prozesuetarako bakarrik, baizik eta denoi eragiten diguten gaiak direla. Helburu horrekin, gai hauek plazaratu eta gizarteratzeko baliatzen dugu jardunaldi hau", azaldu zuen Olaizolak.
Edizio hau, lankidetzan antolatu dute Hil Argi elkartearekin eta Bizipoza elkarteko eragile gehiagok nahiz hezkuntza komunitateko ordezkaritza batek esku hartuko du. "Hemen, ditugu parte hartuko duten partaide batzuk. Milesker zuen prestasunagatik. Bizipozatik eskerrak eman nahi dizkiogu haien baliabideak jarrita, hau denontzat izateko aukera eman duzuen Usurbilgo Udalari, Kutxa Fundazioari, Irizarri, Orona Fundazioari, Mitxelena Kooperatibari, Lagun Arori, Maierri eta Gipuzkoako Foru Aldundiari".
"Elkar ezagutzan sakontzeko"
Aipaturikoen artean da Usurbilgo Udala. Alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak ohoretzat jo zuen Bizipoza jardunaldiok egiteko plaza Usurbilen kokatzea. Aukera ontzat baita, "Usurbilgo herriarentzat, zer esanik ez, herriko hezkuntza komunitatearentzat". Izan ere, "jardunaldi hauetan beti pistak, baiabideak, proiektuak, ikasteko eta ezagutzeko aukera" izaten delako. Sarritan dena egiteko dagoela uste izan arren, egitasmo asko martxan dira "baina ez ditugu ezagutzen. Horrelako topaketek ematen digute aukera elkar ezagutzan sakontzeko, gauza politak eta onak gurera ekartzeko, halako proiektu txiki erraldoi hauek zabaltzen jarraitzeko".
Aurtengo edizioa jarri zuen adibide gisa. "Gaurkotasun handiko gaiak lantzen dira normalean eta aurten ere ekartzen den gaia gaurkotasun handikoa da. Helburua bada, heriotza bera bizitzaren parte den neurrian, bizitzaren parte dela normaldu eta onartzea". Azaroaren 8ko Sutegiko hitzorduak "gai honen bueltako baliabideak eskaini eta lanketa hezitzaile zein ahalduntzaile bat egiteko aukera" emango duela aurreratu zuen.
Herri proiektua
Ekarpen garrantzitsutzat jo zuen Usurbil herri zaintzaileagoa izateko jorratzen ari den prozesura begira. "Aukera ematen digu begirada horretatik gai honi ateak zabaltzeko. Orain arte ez diogu zaintzaren gaiari heldu hemendik eta hemendik ere heldu behar zaio, gai honi ere tokia egin behar zaio".
Ildo horretan, jardunaldioz gain, Bizipoza elkartetik gai horri lotutako herri mailako proiektua lantzeko eskaintza jaso zuen Udalak, "heriotza bizitzaren parte moduan lantzeko eta gure herritarrei tresnak emateko, zergatik ez, gai honetan ere ahalduntzeko". Solaberrietaren esanetan, "alboan ditudan pertsonek horretarako herramintak badituzte, ezagutza handia. Luxu bat da horrelako pertsonekin bide hau egin eta proiektu hau landu ahal izatea".
Bide horretara batzera deitu zituen herritarrak. "Dei berezi bat egin nahi nieke usurbildarrei eta Usurbilgo hezkuntza komunitateari jardunaldi hauetan parte hartzera, luxu bat delako halako topagune bat herrian bertan izatea. Bizipoza eta heriotza antagonikoak direla dirudi eta ikusiko dugu ezetz. Goiz atsegin eta mamitsu bat bizitzeko aukera izango dugu".
9. Bizipoza Jardunaldia
Eguna: azaroak 8, larunbata.
Ordua: 09:30-13:30.
Tokia: Sutegi.
Zehaztasunak: "Heriotzaren pedagogia: begirada berri bat beldurretik maitasunera".
Egitaraua:
-Heriotzaren pedagogia ikastetxeetan eta gurasoen esperientziak: Allende Salazar, Gernikako herri eskola; Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxea; Añorgako Amassorrain ikastola eta Antzuolako Eskolako gurasoen esperientzia.
-Hamaiketakoa.
-"Heriotzaren pedagogiak zertan lagundu dezake elkarteetan?" mahaingurua: ASPANOGI, Iñurri, Naizen eta Txatxilipurdi.
Informazio gehiago eta izen-ematea: bizipoza.eus
Antolatzailea: Bizipoza Elkartea.