Usurbil eremu tentsionatuan

Gaurtik bai, Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremuan

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 30a, 12:29

Ostegun honetako, urriaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofizialak Usurbilen etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendapenari lotutako ebazpena kaleratu du. Udalerri honek irailaren 12an jasotako izendapen hori irmo bilakatu du ebazpen horrek.

Urrats hau ematea falta zen ofizialki indarrean jartzeko eta gaur ezagutarazi da. Ostegun honetatik, urriaren 30etik aurrera, Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremuan txertatu dute behin betiko. Hala jakinarazi du gaurko Estatuko Aldizkari Ofizialak.

Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak Euskal Herriko lau udalerri eremu horretan txertatzen dituen ebazpena argitaratu du. Gasteiz, Bilbo, Astigarraga eta herri hau, Usurbil sartu ditu etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremuan.

Usurbilgo izendapenari dagokionean, bihartik, urriaren 31tik hasita, hiru urteko indarraldia izango du, Estatuko Aldizkari Ofizialak gogorarazi duenez. Horrekin batera, etxebizitzen jabetza duten edukitzaile handiak zeintzuk diren, horren definizioa ere kaleratu du; bizileku gisa erabilitako bost higiezin edo gehiagoren (garaje eta trastelekuak salbuetsiak daude) jabe fisiko edo juridikoak dira hain zuzen. Definizio horretatik salbuetsita daude, administrazio publikoaren jabetzakoak diren bizilekuak.

Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak hain zuzen, 2025. urteko hirugarren hiruhilean zehar jasotako eremu tentsionatuko izendapenak dira onarturikoak. Hala, aipatu erakunde horretatik gogorarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda saileko sailburuak iragan abuztuaren 21ean jakinarazi zion ministerio horri, Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu gisa izendatuko zutela.

Gogoan izan, Usurbilgo Udalak izendapen hori eskuratzeko eskaera egin ziola Eusko Jaurlaritzari martxoa amaieran. Baiezko erantzuna, onarpenarena, irailaren 12an argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak, egun hartako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. 

Xehetasun gehiago, laster.