Usurbil eremu tentsionatuan

Tentsio handiko eremuaren izendapenari buruzko zenbait informazio tresna

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 30a, 11:56

Usurbilek etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremuan sartzeko behin betiko izendapena eskuratu du Espainiako Gobernuak gaurko Estatuko Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez. Gai horri lotutako hainbat informazio tresna dituzue zuen eskura, Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez.

Usurbilgo Udala
Martxoa amaieran egin zion Usurbilgo Udalak udalerri hau etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremuan sartzeko eskaera Eusko Jaurlaritzari. Horretarako, batetik, etxebizitzaren Usurbilgo egoerari buruzko diagnosia landu behar izan zuen, baita datozen hiru urteotarako ekintza plana diseinatu ere. Eskaera justifikatzeko memoria ere aurkeztu zion Jaurlaritzari. Hiru dokumentuok helbide honetan kontsulta ditzakezue: https://www.usurbil.eus/eu/etxebizitzak-merkatua

Eusko Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritzak martxan duen eremu tentsionatuko udalerriei buruzko webgunea ere arakatzeko moduan duzue. Bertan, etxebizitza eremu tentsionatua zer den, tokiotako neurri nagusiak zeintzuk diren edota alokairu prezioei nola eragiten dien azaltzen da. Eremu horretan diren udalerrien zerrenda ere eskuragarri duzue, tartean aurkituko duzue Usurbil eta udalerri horri buruz alor honetan dagoen informazioa. Hemen, helbidea: https://eremutentsionatua.euskadi.eus/hasiera/

Webgune berean, bi kalkulagailu dituzuen zuen eskueran. Eremu tentsionatuko udalerrietako  alokairu-prezioaren zenbatekoa simulatzea ahalbidetzen du batek. IRAV deitutako kalkulagailua ere balia dezakezue, errentamenduan eguneratzeko erreferentzia indizea zehazten laguntzen duena.

Espainiako Gobernua
Bi tresna horiek Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioaren web orrialdeetan ere kontsulta ditzakezue. Etxebizitzako alokairu prezioen erreferentzia sistemari lotutako baliabidea duzue bat, arrendamendu kontratu berrietarako prezioak finkatzeko orientazio gisa baliagarria izan daitekeena. "Etxe bat zenbatean aloka daitekeen kalkula daiteke, bere baldintzen eta udalerriko eremuaren arabera". Honatx helbidea: https://serpavi.mivau.gob.es/

Bestalde, alokairu-errenten eguneratze indizea, IRAV deitutakoari lotutako webgunea ere sortua du aipatu ministerioak.  "Tentsionatutzat jotako eremuetako alokairu kontratuei aplikatzen zaie, eta KPIa ordezkatzen du, kontratua indarrean dagoen bitartean errenta urtero berrikusteko, maizterra igoera handietatik babestuz. Errentaren urteko berrikuspenera ere zabaltzen da, kontratua indarrean duten maizterrek erabil dezaketen ezohiko luzapen-aldian". Hemen, helbidea: https://www.mivau.gob.es/vivienda/calculadora-precio-alquiler