650 Usurbil Bizi otarra hornitzeko deialdia herriko ekoizleei eta sortzaileei

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 30a, 08:42

Iazko 650 Usurbil Bizi otarraren egitasmoaren sustatzaileak.

Azaroaren 3an irekiko dute, urte amaieran zozketatuko diren 650 Usurbil Bizi otarrak herri sorkuntzaz eta ekoizpenaz hornitzeko izen-emate epealdia. Lerrootan dituzue, Udalak, Kulturguneak eta Hurbilagok sustaturiko ekimenaren aurtengo edizioari buruzko xehetasunak.

Laugarren urtez segidan, herriko sorkuntza eta ekoizpena aitortu eta sarituko da, herrian bertan erosketak egiten dituztenen artean. 2022an Usurbilgo Udalak, Usurbilgo Kulturguneak eta Hurbilago elkarteak lankidetzan abiarazitako 650 Usurbil Bizi otarren egitasmoa bueltan da, "herriko ekoizle eta sortzaileen lana ezagun egin eta produktu horiei ikusgarritasuna emateko, herrian bertan kontsumitzea bultzatzearekin batera".

Aurreko hiru edizioetako balantze positiboa egin dute antolatzaileek, "herriko eragileen parte-hartzea altua izan zelako. Iaz, Usurbilgo 31 ekoizlek eta sortzailek hartu zuten parte; Hurbilago elkartekoak diren 16 saltokik hartu zuten parte otarren zozketan, eta 100 otar banatu zituzten bezeroen artean".

Aurtengoari dagokionean, datorren astelehenean, azaroaren 3an irekiko dute 650 Usurbil Bizi otarra herri sorkuntzaz eta ekoizpenaz hornitu nahi duten ekoizleentzako eta sortzaileentzako izena emateko epealdia.

Aurreko urteen antzera, hilaren 29ko Hurbilagoren Udazkeneko Azokan aurkeztuko dute otarra bera. Abenduan zehar, herriko saltokietan erosketak egitearen truke otar hauetako bat etxeratzeko txartelak eskuratu ahalko dira. Azkenik, abenduaren 27an, larunbatarekin egingo da otarron banaketa ekitaldia.

650 Usurbil Bizi Otarra
Parte hartzeko baldintzak

a) Kultura eta sormen industriako jardueretarako:

  1. Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea, eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean (2025eko azaroaren 3an).
  2. Eskainitako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira, taldekideen %33k, gutxienez, Usurbilen erroldatua egon behar du.
  3. Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea (deialdia zabaldutako egunetik kontatzen hasita).
  4. Kultura eta sormenaren industriako ondorengo jarduera-adarren bateko eragilea izatea: musika, literatura, arte eszenikoak, ikusmen-arteak, bestelako kultur diziplinetako eragileak, moda diseinatzaileak eta sormen industriako bestelako eragileak.

b) Lehen sektorea, ostalaritza eta elikaduraren industriako ekoizleentzat:

  1. Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintzaren sektoreko jarduera bat izan eta ekoizpen-ustiategia Usurbilen daukatenak.
  2. Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleak.

Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.


Egutegia
Azaroak 3-16
Ekoizleen izen-ematea eta eskaintza aurkeztea (200 euroko aurrekontuarekin, BEZa sartu gabe), lotura honetan: https://labur.eus/650otarra2025

Azaroak 17-23
Ekoizleek eginiko eskaintzak eskatutako baldintzak betetzen diren aztertuko du ekimenen honen sustatzaileek osatutako lantaldeak. Egiaztapena eginda, egindako eskaintzaren onarpena bidaliko zaie ekoizleei. Jakinarazpen horretan eskainitako produktuak non eta noiz entregatu behar diren ere zehaztuko da.

Azaroak 29, larunbata
13:30 650 Usurbil Bizi otarraren aurkezpena Hurbilagoren Udazkeneko Azokan. Otarraren erakusmahai bat jarriko da. 650 Usurbil Bizi otarraren erakusmahai bat ere ipiniko da azokan.

Abenduak 1-26
Gabonetako otarren Hurbilagoren zozketan parte hartzeko txartelak eskuratzeko aukera, herriko saltokietan eginiko erosketen truke, sari moduan.

Abenduak 26 ostirala
Herriko denda, taberna, jatetxe eta ile-apaindegi bakoitzeko bezeroen artean sarituak zein diren erabakiko da zozketa bidez.

Abenduak 27, larunbata
13:30
Otarren banaketa ekitaldia Usurbilgo frontoian.

Informazio gehiago, gertuago@gertuago.eus helbidean edo 652 085 811 telefono zenbakian.