Azaroaren 7an

"Go!azen 12.0" telesailaren estreinaldia Sutegin, sarrerak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 31a, 10:11

Euskal Telebistaren telesaila eraberritua dator denboraldi honetan. Estreinako lehen atala Sutegin eskainiko dute bitan, azaroaren 7an. Sarrerak doan eskuratzeko moduan dituzue jada usurbilkultura.eus plataforman.

Iaz bezalaxe, aurten ere "Go!azen" telesail ezagunaren denboraldi berriaren hasiera Sutegin ikusi ahalko duzue, Euskal Telebistan emititzen hasi aurretik hain zuzen. Gaztetxoen artean ikusiena den ikus-entzunezkoaren hamabigarren denboraldia azaroaren 14an estreinatuko du ETB-k, lehenago, hilaren 9an Makusi plataformak eta are lehenago, lehen atala, Usurbilgo kultur-etxeko auditorioan eskainiko da, azaroaren 7an eta bitan, arratsaldeko 17:30etan eta iluntzeko 19:00etan.

Bi proiekzio horietarako sarrerak usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue jada. Hitzordu bikoitza lankidetzan antolatu du Usurbilgo Udalak, udalerri hau kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Euskal Telebistak.

Eraberritua
"Eskola aldatu egin da aurten. Basakabik Adingabeen zentrotik etorritako gazteak hartuko ditu. Hau ez da ohiko "Go!azen". Erabat berrituta dator. Ez duzu galduko, ezta?" aurreratu dute Euskal Telebistatik.

Hamabigarren denboraldiak sei pertsonaia berri dakartza. "Karla (Ainhoa Tabuyo), Maren (Leire Nuñez), Roke (Jon Alonso), Azpi (Yan Pinto), Ekaitz (Josu Iriarte) eta Gaizka (Luken Urruzmendi) helduko dira aurten Basakabira, uda berezia igarotzeko asmoz. Aurreko urteko esperientzia errepikatuko dute, berriz, Oihanek (Garazi Urkola), Izarrek (Irati Marin) eta Alaiak (Adriana Sanchez), baita Bosko (Ander Ayerza) ikasle beteranoak ere. Udalekuaren zuzendari lanetan jarraituko du Maitanek (Nerea Arriola), eta Garazi (Nerea Elizalde) izango du alboan, begirale lanetan", ETB-tik jakinarazi dutenez.

Denboraldi berriko ataletan, "Maitanek beste itxura bat eman nahi dio udalekuari, eta ideia berritzaile bat ekarriko du. Baina, bere izaera kontuan izanik, oraingoan ere sortuko du istilu bat edo beste, eta, ondorioz, ikasleak aurka izango ditu".

Aurreko denboraldien ildotik, oraingo honek ere "denboraldiak denetariko osagaiak izango ditu: abenturak, misterioa, gaztaroko maitasuna, komedia, drama… Horrekin batera, egungo eta betiko euskal talde eta abeslarien kanten moldaketak entzun ahal izango dira, ohi denez".