Sarek deitutako elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2025eko urriaren 31

Usurbilgo Sarek deitutako elkarretaratzea egingo da gaur, urriaren 31n, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Urriko azken ostiralarekin batera, Sarek deitutako elkarretaratzea egingo da gaur, hilaren 31n, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Urriaren 18an Bilboko Euskaldunan bigarren konferentzia egitetik dator aipatu bilgunea azken ostiral honetako mobilizazioetara, baita urtarrilerako manifestazio nazionala deitu berritan. Urtarrilaren 10ean egingo da Bilbon. 17:00etan abiatuko da La Casillatik, "ezin da gehiago luzatu. Konponbidea. Bakea. Elkarbizitza" aldarripean, "preso daudenen eskubideak defendatzeko eta, batez ere, Euskal Herrian konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko".

Izan ere, egun, oraindik 123 preso daude Euskal Herriko espetxeetan eta beste hiru frantziar estatukoetan. Haietatik 63 bigarren graduan dira oraindik, "zigorraren erdia bete badute ere, legearen arabera hirugarren gradura pasatzeko behar den zigor zatia, alegia". Preso horien laurdenak baino gehiagok "zigorraren zati handi bat bete duten arren, ez dutela orain arte irteera programaturik edo espetxe baimenik izan, espetxe arloko araudian ezarrita badago ere posible dela neurri horiek ezartzea zigorraren laurden bat beteta izanez gero".

Horregatik, Saretik diotenez, "arrazoi asko daude urtarrilaren 10ean berriz eska dezagun salbuespenik gabeko espetxe politika arrunta aplika dezatela". Oraindik orain, "salbuespenak mantentzen dira eremu politikoan eta legeen arloan, non eskubideak murrizten dituzten legeak baitaude indarrean, beste garai batzuetan preso hauentzat propio onartu zirenak". Horrez gain, "espetxeko tratamenduan ere salbuespenak daude oraindik". Horregatik, "gehiago sakondu behar da azken urteotan orokorrean egin den aurrerabidean".

Testuinguru hau, "ezin da gehiago luzatu. Horregatik, EZIN DA GEHIAGO LUZATU goiburuarekin, urtarrilaren 10ean berriz eskatuko dugu espetxe politika arrunta presoentzat, bai eta iheslarien eta deportatuen itzulera ere".