Gau Beltza

Beldurrei su eman diete eta Gau Beltza argitu, lagunarte giro ederrean

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 31a, 22:28

Gau Beltza beldurra usatu eta birrintzeko baliatu dute, Dema plazako ospakizunaren amaierako ekitaldian.

Su argiz "piztu" dute gaur herria, linternekin ilunpetan ziren hainbat txoko. Izan ere, Gau Beltzak aipatu moduan, argirik gabe, iluntasunean murgildu du herria. Iluntasunak beldurra dakar sarritan, baina gaurkoan izuari aurrez aurre begiratu eta agurtzeko aukera ederra izan du herri honek, estreinakoz herri eragile anitzek Usurbilen antolaturiko Gau Beltzari esker.

Dema plazan amaitu dute ospakizuna. Gaztetxoenek aurrez prestatuak zituzten beldurrak sutan erre dituzte. Hezur Lapur pertsonaia ere agurtu eta plazatik bidali dute. Amaieran, Neomak taldearen "Ilargi Berriak" abestiaren erritmora dantza bizian borobildu dute ekitaldia. Segidan, Ostolazak eta Larrañagak erromeria giroa piztu dute, hasitako euri tantetatik salbu izateko frontoian eginiko dantzaldian.

Azken txanpa horretan, bidelagun izan dituzte gaztangileak nahiz Udarregi ikastolako DBH4-koak jaki goxoak zerbitzatzen, ikasturte amaierako bidaia finantzatzen laguntzeko.

Bistan denez, auzolana ardatz nagusi izan du estreinakoz Usurbilen ospaturiko Gau Beltzak.