Gau Beltza

Beldurra usatzea izan dute Gau Beltzeko erronka

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 31a, 21:53

Beldurra usatzea zuten erronka, eta helburua gogotik bete dute. Jolasean, pisten arrastoa segita iritsi dira horretara. Izan ere, jolasean ekin diete haur eta gaztetxoek aurtengoan estreinakoz herri mailan ospaturiko Gau Beltzari.

Ilunpean, iluntasunean ederki asko moldatzen dakiela erakutsi du Usurbilgo belaunaldi gazteenak estreinakoz herri mailan ospaturiko Gau Beltzean. Eragile askok lankidetzan antolaturiko hitzordua jolasean hasi dute, ilunpetan, linternen argia eta, batez ere, lagunartea bidelagun zutela.

Erronka zuten helburu, beldurra usatzea eta, gogotik lortu dute, izua, ikara alboratzea. Aranerrekako parke berrian, Errekatxikikoan, Artzabalen edota Udarregi ikastolako patio borobilaren bueltan ibili dira, gora eta behera, antolakuntzak jarritako pisten bidez haietako asko, gehienak inor ez ezagutzeko moduan mozorrotuta, baita antolatzaileak ere.

Izua alboratzeko izua sentiaraztea baino hoberik ez omen da izaten eta eremu horietan guztietan, sarbideetan nahiz inguruetan edonon ikusi dira sustoa emateko prest hainbat pertsonaia mozorrotu.

Aipatu moduan, ordea, izuarekin hartueman zuzenean jarri, elkarbizi eta usatzea lortu dute gazteenek, estreinakoz, Usurbilen ospaturiko Gau Beltzaren hasieran.