Hilei gorazarre egiteko eguna bizi asko hasi du herri honek, dantza giro itzelean. Izan ere, Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta ospatu da azaroaren lehen egun honetan. Goiz parteko eskaintza Orbeldi Dantza Taldeak antolatu du, helduen taldeen seigarren topaketarekin.
Usurbilgoekin batera, Oiartzungo Olarri eta Iruña Dantza Taldea gonbidatu dituzte udalerri honetako topaketara. Goizean zehar herrian barrena eginiko kalejiran zehar, adi izan dira eguraldiari. Euri pixka bat egin die bidean zehar baina ez die zapuztu hitzordua ezta topaketaren azken txanpa ere. Mikel Laboa plazan zuten iragarria hiru taldeen emanaldi bateratua, azkenean Sutegi atariko plazatxoa baliatu dute horretarako, badaezpada ere aterpea hurbil izateko.
Ez dute, ordea, babeserako toki estaliaren beharrik izan. Hiru taldeek erakustaldi bikaina eskaini dute bidelagun izandako musikariekin. Amaieran, Orbeldikoek esker ona adierazteko oroigarri bana eman diete talde parte hartzaileei. Animatu den orok dantzan amaitu dute goiz parteko erakustaldia.