Dantzak inguratu du herria. Herriko plazak dantzaleku bilakatu dituzte goizaz geroztik. Azaroko lehen egun honetan, Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta ospatu da Usurbilen, Orbeldi Dantza Taldearen eta Belmonte Auzo Elkartearen lankidetzari esker. Goiz parteko dinamika Orbeldik bideratu du. Izan ere, helduen taldeen seigarren topaketa antolatu dute udalerri honetan. Aurreko edizioen ildo beretik, oraingo honetan, Oiartzungo Olarri eta Iruña Dantza Taldea gonbidatu dituzte.
Potxoenean elkartu dira lehenbizi eta handik kalejiran joan dira abiapuntu ofizialera, udaletxe atarira. Denen arteko argazkia atera eta dantza giroz esnatu dute herria larunbat goiz honetan. Kalez kale eta plazaz plaza ibili dira,. Udaletxetik hasi eta Artzabalera jo dute lehenbizi eta handik Askatasuna plazatik barrena, Dema plaza inguratu dute, erakustaldi ederra eskainiz. Dantzan igaro dute goiza eta dantzaz girotu dute herria.