Rikardo Arregi kazetaritza sariak honela azaldu du sariaren arrazoia: "Jakoba Errekondo Saltsamendik (Usurbil, 1961) hondar urteotan baratza ezarri du denen bizitzen erdigunean, izan hirian, izan baserri guneetan. Agronomoa eta paisaia antolatzailea da, 64 urteko usurbildar hau. Bera ere laborantzan ari da Aginagako bidean dagoen bere Aranburu izeneko baserrian. Euskadi Irratian hasi zen baratza aipatzen, Argia astekarian gero, hor duela bere baratze-zain artea gehien garatu. Elhuyar aldizkarian ere kolaboratzen du.
Hainbat argitalpen ere baditu plazan, hala nola, Olariaga marrazkilariarekin egin duen baratze egileen agenda, Bizi baratza izeneko liburuak, eta azken hilabeteotan, Argiarekin batera datorren lau orrialde plegatuekiko berri-papera, besteak beste. Irakurle eta zaleengana heltzeko baliabide garaikideak erabiltzen ditu, zuzeneko topaketak EH honen zazpi izkinetan, bai eta sare sozialak, podcastak, Youtube edo Instagram hariak adibidez.
Horregatik guztiagatik, eta beste arrazoiengatik, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak izendatu du Jakoba Errekondo Saltsamendi aurtengo ohorezko mugarria eta azaroaren 26an eszenatoki gainera deituko du Xabier Laka eskultoreak mugarri honetarako sortutako oroitikurra jaso dezan".
Gainerako sarituen izenak asteazken honetan jakinaraziko dira
Kazetaritza eta Komunikazio ataletarako launa finalisten izenak asteazken honetan, jakinaraziko dira.
Ohorezko mugarria nahiz finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia ondorengoek osatzen dute: Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria), Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea), Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria), Libe Mimenza Castillo (UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria), Marta Lasa Goñi (mahaiburua eta Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna), eta Arantza Aguado Perugorria (idazkaria eta Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria).